(Argazkia: Donostiako Udala)
Euskal Trenbide Sareak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu dute Amara-Easoko trenbideen urbanizazioa zehazteko. Hain zuzen ere, Lugaritz eta Easo arteko topoaren igarobidearen lanen ondorioz lursaila libratuko da Amara-Easo eremuan. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak sinatu dute akordioa.
Libre geratuko diren lursailak trenbide sistema orokor gisa sailkatzen dira, eta beraz, aukera dago hirigunea berregituratu eta eraldatzeko. Lursailaren azalera 21.000 metro karratukoa da, gutxi gorabehera.
Hitzarmenak ondorengoa jasotzen du. “Topoaren igarobideak eskualde arteko trenbide sarearen konexioa ahalbidetuko du. Hirigunea Eibar-Zumaia-Lasarte-Donostia eta Irun-Hendaia trenbide-trafikoekin lotuko luke. Hau da, Easoko geltokiak sortzen dituen eragozpenak saihestuko dira, ibilbide zehatz batzuetan tren-aldaketak egin behar baitira”.
Akordioaren helburua da hausnarketarako eta libratutako lursailean antolamendu-irizpideak komunean jarri ahal izateko lankidetza eta koordinazioko eremu bat ezartzea. “Erabilera eta jabari publikoko berdegune eta oinezkoentzako eremu berriak erabilgarri jarri nahi dira, merkataritza, aparkaleku eta etxebizitzen erabilera berriekin”.
Goiak udalaren, jaurlaritzaren eta ETSren lankidetza azpimarratu du. “Hiriaren erdi-erdian dagoen gune baten berrantolaketa eskutik egiteko aproposa da. Erdiko gune garrantzitsu batean milaka metro hiriarentzat berreskuratzea ekarriko du, hiri erdi-erdian dagoen trenbidearen lubakiak hiri hobeago bati utziko baitio lekua: ekipamendu berriak, parkeak, gune publikoak baita etxebizitzak ere”.
Amara-Easo lursailak hartzen duen eremua. (Infografia: ETS)