Nuria Lopez Torresek Mexikoko ‘muxe’ bati egindako argazkia. (Argazkia: Nuria Lopez Torres)
Asteazkenean, uztailaren 4an, trans identitateen inguruko hitzaldia egingo dute San Telmoko Museoan.
Identidades trans en construcción da mintzaldiaren izena eta Nuria Lopez Torres argazkilari dokumentalista izango da hizlaria.
Ikuspuntua da koska zikloaren hirugarren saioa izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Xabier Madariaga kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak.
Nuria Lopez Torres Bartzelonan jaio zen 1968an, eta duela hamabost urte hasi zen trans pertsonen inguruko lanak egiten, Kataluniako hiriburuan. Bere lanaren erdigunea emakumeek, generoak, identitateek, indarkeriek eta sexualitateek osatzen dute, betiere antropologia sozialaren ikuspegitik. Freelance moduan egiten du lan, nazioko eta nazioarteko hedabideekin kolaboratuz, eta
Sex and Revolution in Cuba liburuaren egilea da.
Donostiako museoan egingo duen hitzaldian, Kuba, Brasil, Turkia eta Mexikon egin duen lanaren nondik norakoak azalduko ditu. Lopez Torresen kamerak herri horietako pertsona transgeneroen eguneroko bizitza jaso du, haien bizitzak nola eraikitzen diren ulertzeko, eta emaitza argazki entsegu sorta bat izan da.