Bikingoak etorriko dira Añorgako jaietara
Bi asteburutan banatuko dituzte Añorgako jaiak, aurrekoetan bezala. Hala egun hauetan izango dituzte ospakizunak: uztailak 7,8, 12, 13, 14, 15 eta 16. Bikingoz mozorrotuko dira aurtengo mozorro festan, eta irudi horixe aukeratu dute jaiak iragartzeko.
Kuadrillen egunarekin hasiko dituzte jaiak, duela urte gutxi berreskuratutako oilasko biltzaileen birarekin. Orain ez dute oilaskorik biltzen, baina auzoko baserrietan barrena ibilaldia egingo dute, bisita egin eta jan eta edana jasoz. Jubilatuen eguna izango da igandean, eta Gure Kabia abesbatzak kontzertua eskainiko du, 12:30ean.
Uztailaren 12an ekingo diete berriro jaiei, Sorpresa egunarekin. Umeen eguna izango da ostirala, uztailaren 13a, baina egun horretan hartuko dituzte bikingo jantziak soinean, duela 25 urte egin zuten moduan. Gaupasa eguna izendatu dute uztailaren 14ko larunbata, eta egun horretan, Tremenda Jauriaren kontzertua izango dute. Kirol eta Kultur elkartearen eguna izango da igandea, eta astelehenean, Karmen Egunarekin, bukaera emango diete jaiei. Egitarau osoa kontsulta daiteke irudian.