Kote Cabezudoren biktimen aldeko plataformak elkarretaratzea egin zuen epaitegien aurrean maiatza hasieran argazkilariaren espetxeratzea eskatuz. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Kote Cabezudo argazkilaria kartzelan dago maiatzaren 4an Donostiako Probintzia Auzitegiko epaileak
hamasei emakumek egindako salaketen harira espetxeratze agindua eman zuenetik. Behin behineko espetxeratze horri helegitea aurkeztu zion ondoren Cabezudoren defentsak, baina epaileak argazkilaria kartzelan mantentzea erabaki berri du.
Donostiako
First Models agentziatik pasatako
hainbat modelori egindako sexu abusuengatik eta haien irudiak interneten zabaltzeagatik epaitzen ari dira Cabezudo. Orain, argazkilariak
poliziaren ikerketei jarritako oztopoengatik eta sarean salatzaileen material gehiago zabaldu duelako hartu du epaileak Cabezudo kartzelan mantentzeko erabakia.
Argazkilari donostiarraren aurkako auziak bost urteko ibilaldia izan du, eta maiatzera arte
Maria Isabel Perez Asenjo epailearen eskuetan egon da kasua. Akusazioak auzian prebarikazioa ematen ari zela salatu zuen eta, EAEko Auzitegi Nagusiak salaketa onartu ostean, Asenjo epaiketatik baztertzeko erabakia hartu zuten. Hortik egun gutxira, epaile berriak Cabezudo espetxeratzeko arrazoiak zeudela ondorioztatu eta argazkilaria kartzelara sartzeko agindua eman zuen. Aurreko astean, ordea,
Auzitegi Nagusiak ezerezean utzi zuen Asenjoren aurkako salaketa, eta biktimen aldeko plataformako kideak instrukzioa berriro bere eskuetan jartzearen beldur dira orain.