Hirigintza antolamendua esku pribatuetan ez uzteko eskatu du Uliako Auzo Elkarteak
“Udal gobernuari eta udal talde guztiei eskatu nahi diegu, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren kudeaketa esku pribatuetan ez uzteko”, adierazi du Felix Soto Uliako Auzo Elkarteko kideak. “Adosten ari diren plan berezietan, enpresa pribatuen nahiak ageri dira; eta horietan iniziatiba Donostiako Udalak hartu behar du”, gaineratu du.
Uliako bi proiekturekiko kezka agertu du auzo elkarteak. Denbora daramate Rodileko plan berezi bat salatzen. “500 metro karratuko eremu bat higiezinen agentzia bati saldu dio udalak, eta beraiek urbanizazio pribatu bat eraiki nahi dute piszina eta guzti. Aldiz, inguruan dauden etxebizitzei ez diete inolako irtenbiderik eman, sarbide arazoak dituztelako”, kritikatu du Sotok.
Hirigintza sailarekin elkartu zen auzo elkartea Rodileko plan berezia jarritako alegazioen harira. “Teknikari batek gure eskaera ontzat jo zuen, eta ematen du atzera egingo dutela”.
Bigarren kezkak Ulia pasealekuan ustez eraikiko den hotelarekin du harremana. Dirudienez, 200 gelako hotel bat eraikitzeko asmoa dute Hermano Garate egoitzaren alboan –udalak ez du horrelakorik baieztatu–. “Astakeria bat iruditzen zaigu. Lursail bat birkalifikatu dute esku pribatuetan uzteko. Eremu osoa hartuko lukeen eraikina egin beharrean, zati bat okupatzea litzateke egokiena. Horrela, espazio publiko hori eskura izango lukete bizilagunek parke gisara”, azaldu du Sotok.
Proiektu horren inguruan ez dute udalarekin hitz egin, eta asteazkena bitarte alegazioak aurkeztu daitezke. “Uliako auzotarrekin hitz egiteko asmoa dugu hotela eraikitzeko asmo horren informazioa emateko”.