Bizi Bizia Berhezi proiektuak haurrengatik eta haurrentzako diseinaturiko parke bat sortu nahi du Intxaurrondon, Dbusen aparkalekuaren ondoko lursail publikoan.
Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola, parkearen lursailaren sarreran, (Argazkia; Iñaki Agirre)
Larraitz Esnaola (Donostia, 1995) hezitzailea eta Idoia Moreno (Donostia, 1994) arkitektoa daude proiektu berritzaile honen atzean.
Nola sortu zen Bizi Bizia Berhezi proiektua?
Larraitz Esnaola (L.E.): Duela bi urte jaio zen ideia. Auzokoek betidanik ikusi dugu eremu publiko hau hutsik eta hesiz inguratuta. Belardia oso handia da, eta horrek bertan zerbait egiteko gogoa ematen zigun.
Idoia Moreno (I.M.): Paraleloki, haurrek hirian dituzten espazioei buruzko hausnarketa bat egiten genbiltzan. Izan ere, Donostia umeei egokituta ez dagoela ikusi genuen, eta parke guztiak helduak kontuan hartuta eginda daudela.
(L.E.): Bi hausnarketa horien baturaz jaio zen proiektua. Oso zaila da hiria kolpez haurrentzako egokitzea, baina lehen pauso gisa parke bat eraikitzea aproposa iruditu zitzaigun.
Zergatik da horren garrantzitsua umeek euren eremuak diseinatu ahal izatea?
(I.M.): Beraiek erabiliko dituztelako. Egungo parkeak helduengatik eta helduentzako daude diseinatuak, haurren zaintza errazteko.
(L.E.): Hiriko edozein parketan ikus dezakegu eremua eserlekuz inguratuta dagoela, gurasoak bertan eseri eta umeei begira egoteko. Haurra erortzen den aldiro korrika doaz jasotzera, baina umeari espazio gehiago utziko bagenio, honek bere kabuz ikasiko luke nola erori eta nola zutitu.
Zuen proiektuaren antzekorik ikusi duzue beste inon?
(L.E.): Sorpresa bat hartu dugu, herri askotan horrelako proiektuak garatzen ari direla ikusi dugulako.
(I.M.): Euskal Herrian geroz eta gehiago daude. Gure kasuan, Oiartzungo Abaraskako kide batzuk parte hartze prozesua gauzatzen lagundu digute.
Bakoitzaren arlotik ideia desberdinak aterako zenituzten.
(L.E.): Bai. Arkitektura eta hezkuntza lotzeko egundoko aukera ikusi genuen. Espazio eta inguruek nabarmenki eragiten dute haurraren hezkuntzan.
Parkeari Sorleku izena jarri diozue. Zergatik?
(I.M.): Parkea etengabeko sortze prozesuan egongo delako. Erabiltzaileentzako eremua izango da, eta erabiltzaile horiek urtez urte aldatzen joango dira, noski. Parkea dinamikoa eta aldakorra izango da, hortaz.
Proiektuak umeak naturara hurbiltzeko balio dezake, ezta?
(I.M.): Hala da. Hirietan, arropak zikintzeko ohitura galtzen dugu txikitatik, eta baita naturarekin dugun harremana ere. Haurrei libre jolastu eta esperimentatzeko aukera eman nahi diegu.
Zein fasetan dago orain proiektua?
(L.E.): Zurriola ikastolako ikasle eta hezitzaileekin parte hartze prozesua amaitu berri dugu. 8 eta 9 urte bitarteko 300 umek eskaini dute euren ikuspuntua.
Nolakoa izan da beraien parte hartzea?
(L.E.): Hiru astekoa izan da. Lehenengo saio batean lursaila ikustera eraman genituen eta gero beraiei gustatuko litzaiekeen parkea marrazteko eskatu genien, indibidualki lehenik eta taldeka ondoren. Marrazkietatik eta euren azalpenetatik ateratako elementu eta gomendioak dokumentatu genituen, eta hezitzaileekin batera parkearen maketa bat osatu genuen. Maketa hori haurrei erakutsi genien gero, eta beraiek zuzenketak egin zizkioten.
Orain parkearen inguruko bizilagunekin jarriko zarete harremanetan, ezta?
(I.M.): Bai, parkearen inguruan biziko diren umeak ere kontutan hartzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Uda horretarako aprobetxatu nahi dugu.
Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?
(L.E.): Parte hartze prozesua amaitzerakoan, bildutako informazio guztia dokumentatuko dugu, gero azken diseinua udalari aurkeztu ahal izateko. Abendurako dena prest edukitzea aurreikusten dugu, eta parkearen eraikuntza ahal bezain pronto hastea espero dugu, haurrek hori eskatzen digutelako.