
Hogeita hamar urte beteta, erronka berriak ditu Larrotxene kultur etxeak etorkizunera begira. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeak 30 urte bete ditu. Hirian zabaldu zen aurrenekoen artean dago, eta bereziki ezaguna da Larrotxene Bideo ikus-entzunezko ikastaro zein mintegiengatik.
Behar bati erantzuteko ireki zuten, eta eskaintza ez zuen horretara mugatu. Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxeak hiru hamarkada bete ditu. 1987an zabaldu zituen ateak, eta auzoari jarritako begirada hiri osora zuzendu zuen berehala.
Auzotarrei aterpea eskaintzearekin batera, ikus-entzunezkoetan espezializatu zen kultur etxea. Larrotxene Bideori esker ezagunagoa da, gaur egun, baina Intxaurrondo zaharreko bizilagunek kultur etxe baten zerbitzuak mantentzea eta indartzea nahi dute. Horretarako aukera egongo dela dirudi, hobekuntzak egiteko asmoa dagoelako.
«Larrotxene izan zen ireki genuen lehen kultur etxea, beste hirurekin batera», esan du Jon Aizpurua Donostiako Kultur Ekintzako zuzendariak. Bera izan zen Larrotxeneren lehendabiziko zuzendaria, eta ondo gogoratzen du nolakoa izan zen kultur etxearen sortze prozesua. «Auzotarren artean aldarrikapen bat zegoen, eta hainbat eragilek kultur etxe baten beharra zegoela esan zuten».
Eskaerari erantzunez Larrotxene baserri zaharra kultur etxe bihurtu zuten. «Ireki genuenean eragile batzuk errezelo moduko batekin ikusi zuten, ez zelako soilik auzoari begirakoa». Ikus-entzunezkoetan espezializatzea ez zen auzotar guztien gustuko erabakia izan. «Halere, errezeloak bi aldetatik sortu ziren. Batetik, eragile batzuek pentsatzen zuten soilik auzoari begira egin behar zirela proiektuak. Bestetik, ordea, baziren hainbat donostiar Larrotxene Bideo gisako egitasmo potoloak hiriko Erdialdean soilik kokatu behar zirela».
Desadostasunak gainditzeko aurrera egitea erabaki zuten, eta horrela zenbatu dituzte 30 urte. «Balorazio orokorra baikorra da, eragileen partetik ere bai». Eraikinak duen historia ere nabarmentzekoa da. «Larrotxene denetarik izan da eraiki zenetik. Baserria, noski, baina baita sagardotegia ere. Gerora, urteetan hutsik geratu zen, eta auzoko eragile batzuk sartu ziren jarduerak egitera. Baina 1984an udalak eraikina erosi eta berritu egin zuen Gipuzkoako Aldundiaren diru-laguntza bati esker», azaldu du Aizpuruak.

Intxaurrondo zaharreko panoramika, 1910. urte inguruan.
Eraikin zaharra eraberritu zuten Larrotxene kultur etxe bihurtzeko. «Lehendik ere auzoko eragileek jarduerak egiten zituzten, baina modu prekarioan. Udalak baliabideak jarri zituen». Larrotxene baserria ez ezik, galtzada zaharra ere mantendu zuten, Intxaurrondo baserrira eramaten duena. «Auzoari izena eman zion baserria alboan du kultur etxeak. Donostiako historiaren zati bat da», dio Aizpuruak.
Etorkizuneko erronka
Urteak bete ahala zahartzen denak berritzeko beharra izaten du. Hori dela eta, Larrotxene kultur etxean hobekuntzak egingo dituzte etorkizun hurbilean. «Proiektua berritu nahi dugu. Teknologia berriek indarra hartu dute, eta egokitzeko garaia da. Larrotxene Bideo berritu nahi dugu kultur etxeko zerbitzuarekin batera», azpimarratu du Aizpuruak.
Bi eta hiru urte behar izango dituzte Larrotxeneren eskaintza hobetu eta egokitzeko. «Inbertsio bat egingo dugu. Alde batetik, igogailu bat jarriko dugu eraikinean irisgarritasuna hobetzeko. Bestetik, kultur etxeko aretoak egokituko ditugu, altzari berriak erosi eta guneak txukundu».
Hasiera batean, uda honetan lanekin hasteko aurreikuspena zuten, baina aurrekontua eta lehiaketa publikoa garaiz prestatzeko denbora faltak atzerapena eragingo du. «2019ko udan hasiko gara lanekin. Ordutik aurrera bi edo hiru urte behar izango ditugu Larrotxene kultur etxeko hobekuntzak bukatzeko».
Etorkizuneko asmoak aurrera eramateko dirua eskura du Larrotxene kultur etxeak, eta lanak egin bitartean, egungo zerbitzuak mantentzeko lanean jarraituko dute. «Intxaurrondo zaharreko bihotzean dagoenez, auzoko gune garrantzitsua da. Erdikoa taberna, Zulo zahar, Letaman gaztetxea eta aitona-amonen egoitza ditu inguruan. Elkargunea izanik auzoari begira lanean jarraitzen dugu», dio Ane Osa egungo kultur etxeko zuzendariak.
Irailean hiru urte beteko ditu zuzendari moduan, eta hurbiletik bizi du kultur etxearen oraina. Intxaurrondo kultur etxe berriak auzotarrengan eragin zuzena izan duela aipatu du. «2011n ireki zen, kiroldegia eta kultur etxea gune berean uztartuta. Erabaki hori auzotar hainbatek ez zuten begi onez ikusi. Larrotxene inguruan bizi den jende askok oraindik ez du kultur etxe berria ezagutzen. Horretarako sortu zen Intxaurrondo Eguna; eta aurten auzoaren parte zaharrean ospatuko dugu, irailaren 15ean».
Auzoko bi kultur etxeak auzotar guztientzako dira eta zerbitzu publikoak izanik «aprobetxatu» behar direla uste du Osak. «Intxaurrondo handia da, eta kultur etxe bakoitzak auzotarren beharrei erantzuten die. Bien erabilera indartzea beharrezkoa da».
Donostiako gainerako kultur etxeetan bezala, adinekoak eta haurrak dira Larrotxeneko erabiltzaileak. «Saiakera berezia egiten dugu gazteak erakartzeko», dio Osak. Gaztelekua, Haurtxokoa, Musikagela zerbitzuko lokalak eta liburutegi handia ditu kultur etxeak, Larrotxene Bideoren areto, artxibo eta estudioekin batera. Aldiz, Lagunekin Kantari egitasmoa da antolatzen dituztenen artean esanguratsuena.
Begoña Alzaga (IZBE): «Ezinbestekoa da guretzako jarduerak Larrotxenen egitea»
Larrotxene Bideok bereizgarritasuna eman dio kultur etxeari.