Larunbatean Aldamar kalean okupatutako lokala hustu dute udaltzainek
Parte Zaharreko gazte lokal berria, urte luzez hutsik izan den bideokluba, hustu eta itxi dute gaur goizean. Goizean goiz iritsi dira udaltzainak, ertzainez lagunduta, eta zigilatu egin dute. Legez kanpo eta agindu judizialik gabe egin dutela salatu dute gazteek.
Bizilagunak biltzen hasi dira inguruan, eta gertatzen ari zena grabatzen hasi dira batzuk. Pertsona horiek identifikatzen hasi da polizia, tartean, Irutxuloko Hitzako kazetari bat.
Parte Zaharreko gazte batek ez identifikatzeko erabakia hartu du, beharrezkoa ez zela argudiatuta, eta ertzainek komisaldegira eraman dute. Jendea errepidean eseri da atxiloketa saihesteko eta poliziak indarrez jo du haiengana.
Udalak adierazi du “partikularren arazoa” dela. Lokalaren jabeak lokala berreskuratu eskatu duela, eta polizia epailearen ebazpen bat betetzen ariko dela.
Informazio gehiago biltzen ari da Irutxuloko Hitza, eta albistea eguneratzen ari da.
Joan den larunbatean okupatu zuten Aldamar kaleko 32. zenbakiko lokala. Auzo lokal bihurtu nahi zuten gazteek, eta urte askoan hutsik egon den espazio hau txukuntzen eta prestatzen ibili dira egunotan.
Desalojoari erantzuna emateko asanblada egingo dute bizilagunek 18:00etan, Aldamar kalean. Manifestazioa abiatuko dute gero Trinitate plazatik, 21:00etan.
Erlazionatutako edukiaLokal bat okupatu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, auzo lokal bilakatzeko