Parte Zaharreko gazteek idatzi bat aurkeztu dute goizeko desalojoaren harira
Aldamar kalean okupatutako auzo lokalaren desalojoaren harira. 18:00etan asanblada egingo dute Aldamar kalean, goizeko gertakarien erantzuna antolatzeko, eta 21:00etan manifestazioa abiatuko dute Trinitate plazatik.
Parte Zaharreko gazteen idatzia:
Ekainaren 30ean Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideok, Aldamar 32ko lokal okupatura sartu ginen. Eraikin hau, Altuna Uria enpresa txikitzaileak, Jokin Errastirekin sortutako Aldamar Berri Sozietateak eskuratu du, bertako bizilagunak etxerik gabe utziz, negozio bilakatuz eta beste behin auzoarekin espekulatuz.
Gure asmoa, auzotarrei ateak ireki eta auzo bizitza sustatzea zen. Izan ere, gure auzoak espazio gabezia handia du: eragileek biltzeko tokirik ez dute, umeek jolasteko ez dute
estalperik…hau da, auzotarren beharrak asetuko dituen azpiegitura falta nabarmena da.
Egun hauetan, lokala txukundu eta egitarau bat betetzeari ekin diogu (proiekzioak, tailerrak, asanbladak, auzo liburutegia,…). Gaur ordea, gure proiektua zapuztu nahiean, eskuratu genuen espazioa itxi digute, bertan zegoen eragile desberdinen materiala hartzeko aukerarik gabe.
Gaurko gertaerak:
– 8.00tan munipak lokalera hurbildu eta ingurua prezintatu dute, bertako kideak bultzaka
urrunduz.
– Agindua zutela esan digute, baina, ez dute ezer erakutsi, ez desalojo agindurik, ezta beste
inolako agiririk ere.
– Plaka zenbakiak eskatu zaizkie (estaliak baitzituzten), eta lokaleko arduradun bezala norbait
identifikatuz gero emango zigutela esan digute (identifikazio zenbakiak publikoak izanik,
guztiz zentzugabea).
– Salatzeko helburuarekin grabatzen zebilenari mugikorra lapurtu diote.
– Beste auzokide batzuk, argazkiak ateratzeagatik identifikatu dituzte.
– Ertzainen plaka zenbakia apuntatzen ari zen kidea ere identifikatua izan da.
– Udaletxera joan gara kontuak eskatuz, ez dugu erantzunik jaso.
– Kide bati, inongo arrazoirik gabe, identifikatzeko eskatu zaio, eta honen ezezkoaren ostean,
erretenitua komisaldegira eraman dute.
– Lokala metalezko xaflekin erabat itxi dute.
Gertaera hauen aurrean, gure haserrea adierazi eta antolatzeko, 18:00tan asanblada egingo
dugu Aldamarren bertan eta 21:00tan mobilizazioa Trinitik. Gogor borrokatuko dugu, zapalkuntza
ororen aurka eta auzo boterearen defentsan. Geurea dena berreskuratuz, ALDE ZAHARRA
BIZIRIK!
AUZOA BIZITZEKO, EZ ESPEKULATZEKO!
Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek idatzi bat aurkeztu dute