Zuzeneko emanaldiak egingo dituzte Terrazan. (Argazkia: Tabakalera)
Uda giroa iritsi da Donostiara, eta Tabakaleran prestatu dute Ud-ha izeneko programazioa: Zinema Parkean, Ubik Parkean, Tabakalera Taulara, La Casa Encendidako Terraza Magnetikoa, Uda olinpikoa, eta Kutxa Kultur Gauak. Tabakalerako Terrazan eta Egiako parkean izango dira jarduera guztiak, antolatzaileek azaldu dutenez: «Udako haize gozoa, kanpineko aulkiak, eguzkitakoak… eta aurten ere, hamakak eta pareoak. Izan ere, Terrazatik parkera zabaldu dugu programazioa». Tabakalerarekin batera, programazioa landu dute hauek: La Casa Encendida, Kutxa Kultur eta Cristina Enea Fundazioak.
Eguneko planak parkean egingo dituzte. Asteartetik larunbatera, jaiegunetan izan ezik, 11:00etatik 19:00etara, Argitu eta Ubik sorkuntza-liburutegiaren aire zabaleko bertsioa irekiko dute, ingurumenarekin bat eginez. Eskura jarriko dituzte liburuak, aldizkariak, jolasak eta bestelakoak, eta jardueretan parte hartzeko aukera egongo da.
Tai-Chi-Chuan ikastaroa ere antolatu dute uztailaren 12tik 14ra, 10:00etan eta 16:00etan. Bi orduko saioak izango dira, eta 50 euro balio du izen emateak.
Terrazan zuzenekoak
Tabakalerako Terraza izango da gune irekia arte eszeniko, zinema eta musika emanaldietarako. Uztaila eta abuztuko ostegunetan, 20:00etan, soinuekin, gorputzarekin, mugimenduarekin, koreografiarekin eta hizkuntzarekin jolasean ariko dira. Zinemako gaia, berriz, kirola da: «Zinematik abiatuta, Uda olinpiko bat proposatzen dugu: ariketa fisikoaren eta kirolaren ardatz tematikoarekin lotutako zortzi pelikula». Zinema saioak uztaila eta abuztuko ostiraletan izango dira, 22:00etan. Musika atalean, Madrilgo La Casa Encendidak musika elektronikoa ekarriko du uztaileko larunbatetan. Abuztuko larunbatetan, berriz, Kutxa Kultur izango da tokiko talentu amateurren plataforma. Hala, musikaren, artearen, modaren, antzerkiaren eta dantzaren diziplinetan artistak ariko dira, Kutxa Kultur Gauak izenekoan. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira.
Gauetan, parkera itzultzeko aukera egongo da, astronomia hiritar topaketak antolatu baitituzte, pertseiden behaketa egiteko.