«Bidegorriak? duela 50 urte askoz ere bizikleta gehiago zegoen Donostian»
Jose Luis Miner Groseko Miner bizikleta dendako nagusia hil da. Joan den asteazkenean zendu zen, 91 urterekin. IRUTXULOKO HITZAk txirrindulari zale amorratuari egindako elkarrizketa bat berreskuratu du hemerotekatik. 2009ko maiatzaren 29an argitaratu zuen Raul Perez lankide ohiak idatzitako elkarrizketa, Minerrek 80 urte zituenean.
Bizikletaren Astea dugu honako hau. Zaila da Donostian bizikletei buruz Minerrek baino gehiago dakienik topatzea. Ia aldi berean oinez eta bizikletaz ibiltzen ikasi baitzuen. Groseko Miner bizikleta dendako nagusia da. 80 urte dituen arren, egunero lanera joaten da, huts egin gabe. Bere aitak zabaldu zuen denda eta bera txikia zela, hasi zen bizikleta artean bazterrak nahasten.
Donostian gero eta bidegorri gehiago badago ere, garai batean bizikleta gehiago zegoela esan izan duzu.
Hala da. Sasoi batean, duela 50 urte inguru, jendea halabeharrez joaten zen lanera bizikletaz. Ez zuen beste garraiobiderik. Bidegorriak egiteak ez du esan nahi Donostiak nahita ez bizikletaren kultura bere egingo duenik. Hemen askotan Holanda aipatzen da eredu gisa. Holandan, emakumeak dotore joan ohi dira antzerki obrak ikustera, bizikletaz; euria egiten badu ez die axola. Hemen, aldiz, eguraldi petrala egiten duenean, zenbat jende ikusten da bidegorrietan? Oso gutxi.
Bizikleta saltzaile zara baina era berean oso kritiko zara bidegorriekin.
Udala oker dabilelako. Hiri kontzeptu erabat okerra dute. Egia da bidegorriei esker bizikleta gehiago ikusten direla, baina pentsatu behar da non jartzen diren. Nori eskatzen diote aholkua? Niri behintzat ez eta bizikletei buruz zerbait badakit. Europako leku askotan izan naiz eta uste dut Donostian bidegorriak ez daudela leku egokietan.
Zergatik diozu Donostian bidegorriak ez dituztela leku zuzenetan egin?
Bidegorriek autoei lekua ken- tzen dietelako. Horren ondorioz, denda txikiak hondoratzen ari dira, bezeroak ezin baitira dendaraino iritsi. Donostia zerbitzu hiri bezala aurkezten digute, baina dendak desagertuz gero, Udalak zeini kobratuko dizkio zergak? Agintariek askotan Holandari buruz hitz egin dute, baina Holandan, bizikletentzako bideek ez diete autoei lekua kentzen.
Txirrindulari askok zabaltzen dute bizikleta denda erretiroa hartzen dutenean. Hori izan al zen Miner dendaren kasua?
Hein batean bai. Aita txirrindularia izan zen. Frantziako Tourrean eta horrelako probetan ez zuen parte hartzerik izan, ez baitzuen horretarako baliabide ekonomikorik. Hala ere, Euskadiko Txapelketan edo Kataluniako Itzulian parte hartu ohi zuen. Baita irabazi ere. Txirrindularitza utzi zuenean, zabaldu zuen bizikleta denda Marino Bidaguren kidearekin batera. Bidaguren Donostiako gizon aberatsenetakoa zen; besteak beste, Paulino Uzkudun boxeolariaren borrokak antolatzen zituen Atotxan. Hala ere, Bidaguren azkar dirurik gabe geratu zen. Aitak dendarekin jarraitu zuen, baina Grosera lekualdatu zuen. Ni 1926an jaio nintzen eta hiru urterekin hasi nintzen bizikleta dendan bazterrak nahasten.
Zu ere txirrindularia izan zinen.
Bai, baina amateur mailako lasterketetan baino ez nuen parte hartzen. Ez nuen beste aukerarik izan. 36ko Gerran eta ondorengo urteetan gorriak ikusi genituen, aita abertzalea zelako. Francoren aldekoek materialik gabe utzi gintuzten. Horregatik, bizikletak muntatzen ikasi behar izan genuen, han eta hemengo piezekin. Bizikleta saltzailetzat ez ezik, diseinatzailetzat ere badut nire burua.
Gogoratzen al zara nolakoak ziren duela 60 edo 70 urteko bizikletak?
Neurri batean, gaur egungoen antzekoak ziren; denek eserlekua, bi gurpil eta heldulekua zuten. Hori bai noski, aurrerakuntza izugarria izan da.
Oraingo bizikleta batzuek ia auto baten prezio bera dute: 6.000 euro inguru.
Ez nago ados. Egia da bizikleta batzuek 6.000 euro balio dutela, baina zenbat balio dute Rolls Royce markako kotxeek? eta Ferrari merkakoek? Kontuan hartu behar da gaur egun bizikleta harrigarriak daudela: hiru plater eta bederatzi pinoi dituzte eta tartean hamaika tiraldiri eutsi behar dien kate mehea. Bizikletak oso merkeak dira. Lan oso zehatza behar da bizikleta bat egiteko, 200dik gora piezekin egiten dira, eta lan handiena eskuz egiten da. Gainera, zuk aipatutakoak garestienak dira, baina bada 120 euro balio duen bizikletarik.
Txikitatik bizikleta artean ibili zarela diozu. Txirrindulari kutunik izan al duzu?
Ez dago dudarik. Eddy Mercks izan zen onena, baina niri Gino Bartali italiarra gustatzen zitzaidan gehien. Bi aldiz irabazi zuen Frantziako Tourra, baina bi garaipenen artean hamar urte pasatu ziren. Hori ez dago edozeinen esku. Bestalde, nola ez bada, Miguel Indurain ere miresten nuen. Mutil puska izanik, aldapak nola igotzen zituen harritzen ninduen. Hori bai, aitortu behar da Indurainek aldagailurik gabeko bizikleta zaharrekin jai izango zuela aldapak igotzeko orduan. Bizikleta denda izanda, izar asko ezagutu ahal izan ditut. Izan ere, garai batean txirrindularitza taldeek ez zuten mekanikorik eta txirrindulariek beren kabuz, Minerrengana etortzen ziren laguntza bila: Berrendero, Langarika…
Duela hilabete batzuk Donos-tiako bizikleta denda zaharrenak, Cometek ateak itxi zituen. Pozik zaude lehiakide bat gutxiago duzulako ala goibel utzi zaitu?
Japonen lehiakideak ohorezkoak direla esan ohi dute, eta ni esamolde horrekin bat nator. Lehiakideak ginen arren, oso harreman ona genuen. Zer edo zer behar genuenean, laguntzen genion elkarri.
Comet Estatuko bizikleta denda garrantzitsuenetakoa da, eta Europa mailako ospetsuenetakoa ere bada. Bizikletak saltzeaz gain, banatu ere egiten baititu. Comet bezalako denda bat itxi izanak agerian uzten du Donostiako merkataritza gainbeheran dagoela eta ezin dela ezer egin horri buelta emateko. Udala merkataritza gune handien alde ari da nabarmen eta haiek sekulako abantailak dituzte; handiena, nahi adina aparkaleku dituztela. Merkataritza guneekin jarraituz, gezurra da merkeago saltzen dituztela. Bizikleten kasuan, ez da posible. Bizikleta egileak finkatzen du gehienezko eta gutxienezko prezioa eta gu tarte horretan mugitzen gara. Bai merkataritza gune handiek, bai edozein auzotako dendariok. Kontua da denda txikikook borroka galdua dugula, bezeroei autoz dendara etortzea galarazi dietelako.