Ondarreta hondartzako harriak kentzeko lanak. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)Irutxuloko Hitza
Udara honetan gutxi bazeuden ere, berriro ere harriak azaleratu dira Ondarreta hondartzan.
Hauek kanporatzeko lanak hasi dituzte gaur goizaldean, marearen egoera aprobetxatuz. Ernesto Gasco alkateordeak adierazi duenez,
“55 lanegun antolatu dira, eta lanegun guztiak harrien arabera moldatuko dira; hortaz, harriak kentzeko prozesua urrira arte luzatuko da”. Prozesua Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek ikuskatuko dute, eta gau aldera hasi eta 10:00ak aldera bukatuko da, betiere marearen egoeraren arabera. Hala ere, Gascok azaldu duenez, “
baliteke eguraldi txarra dagoenean lanak gehiago luzatzea, harri gehiago kendu ahal izateko”. Aste Nagusian ere gelditu egingo dira lanak, jende asko gauera arte gelditzen baita hondartzan.
Aurtengo berritasun nagusia da udalak erosi zituen makinekin kenduko direla harriak, eraginkortasun handiagoz jarduteko asmoz. Udalak jakinarazi duenez, makina horiek urte osoan erabili ahal izango dira eta kostuak ere merkatu egingo dira, enpresei makina horiek alokatzeak gastuak ekartzen baitzituen.
Kentzen diren harriak, Astigarragako Ekotrade plantara eramango dira, han ebaluatzeko. Harriek daramaten harea garbitu egingo da, eta harea hori hondartzara itzuliko da atzera. Aurten, 1.000 tona harea inguru bueltatuko dira Ondarretara. Kalkulatzen denez, gutxi gorabehera 14.600 metro kubiko harri daude hondartzan eta horregatik, hiruzpalau urte beharko dira arazo hau behin betiko konpontzeko.