Parte Zaharreko kutsadura akustikoa agerian jartzen duen bideo bat egin dute
Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideek bideo bat egin dute auzoan jasaten duten kontaminazio akustikoa salatzeko. Bertan, Parte Zaharreko bizilagunek egunez zein gauez jasaten dituzten zaratak entzun daitezke: terrazak, kaleko kontsumoa, oihu eta hotsak, garbiketa makinak, tabernetako banatze lanak, beira bilketa…
2015ean Donostiako Udalak auzoko zarataren inguruko txostena aurkeztu zuenetik, arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartu ez direla salatu dute auzotarrek. Txosten horrek, Parte Zaharrean kalitatezko helburu akustikoak gainditu egiten zirela frogatu zuen, eta auzotarrek kaleko zaratari dagokion araudia betearazteko ekintza plan bat garatzea eskatu zuten. Hiru urte beranduago, udalak oraindik bizilagunen osasun eta atseden eskubideak bermatzeko neurri nabarmenik hartu ez duela diote Parte Zaharrean Biziko kideek, arazoa okerrera doala azpimarratuz.
Horregatik, iazko udaran, etxebizitzetara iristen den kaleko zarata neurtzeko txosten berri bat enkargatu zion auzo elkarteak Noismart enpresari. Txostenaren aurkezpena ostegunean egingo dute, Noismarteko eta Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideekin. 19:00etan izango da, San Jeronimo kaleko kriptan.
Gaur aurkeztu duten bideoan txostenaren laburpen bat eskaintzen da.