(Argazkia: Satorralaia)
Elkarretaratzea egin du udaletxe aurrean Satorralaia bizilagunen mugimenduak.
Eneko Goia: herritarrei erantzun! Metroa gelditu! lelopean hainbat lagun elkartu dira. Protesta egin bitartean, bi kide udaletxera sartu dira bandera beltza Donostiako alkateari ematera. Azkenik, Martin Ibabe zinegotziak hartu du.
Hain zuzen ere, Espainiako Ecologistas en Accion erakundeak aurkeztu duen
Banderas Negras 2018 txostenak bandera beltza eman dio topoaren igarobidearen proeiktuari. “Alkateak axolagabetasuna eta gutxieneko arreta eza agertu dituela salatu nahi dugu. Ez dio erantzunik eman maiatzaren 30ean udaletxean aurkeztu genuen idatziari, eta herritarren kezka garrantzitsu batzuen inguruan argibideak emateko eskaera egin genion”, azaldu dute Satorralaiako kideek.
Idatziari ez erantzuteagatik Goiak gardentasun legea ez duela bete kritikatu dute, hilabeteko epean erantzuteko betebeharra ezartzen duelako.
Banderas Negras 2018 txostena ere helarazi diote alkateari. “Txostenak Espainiako kostaldeari eragiten dioten astakeria handienen eta ingurumen kudeaketa txarraren kasu gatazkastuenen artean kokatzen du topoaren igarobidea”.
Satorralaiak alkateari eta gainerako udal taldeei erantzuteko eskatu die. Informazioak aztertu eta beraien jarrera publikoki adierazteko eskatu diete.