Maialen Alkorta eta Itxaso Uzkudun: 'Mugikorretik tostartera'
Maialen Alkorta eta Itxaso Uzkudun, Donostiarrako arraunlariak.
Denboraldi orok dauzka bere gorabeherak.
Gure taldearen berezitasunetako bat da aulki finkoaz gain, batzuk aulki mugikorrean ere aritzen garela. Mugikorreko denboraldian jo ta ke ari garen bitartean, traineruko entrenamenduetaz gozatzeko aukera ere izan dugu. Gehigarri bezala, esan nahiko genuke, bi modalitateetan aritzeko aukera dagoela beti ere gogoa badago eta antolakuntza aproposa bada.
Asteazkenak izaten ziren tostartean aritzeko gure egunak eta gainontzeko egunetan aulki mugikorrean aritzen ginen. Talde guztia elkar ikustea ez da erraza izaten denboraldiko puntu horretan, entrenatzeko ordu eta lekuak desberdinak izaten direlako gehienetan.
Orain, ordea, denok batera gaudenez, taldea are gehiago indartu da, eta hori traineruan islatuta ikusi dugu. Gainontzeko beste lekuetan bezala, gure gorabeherak ditugun arren, gure arteko giroa ona eta osasuntsua da, betiere gure artean lagunduz.
Joan den asteburukoari begira, lortutako garaipena egindako lanaren fruitua dela uste dugu, neguan zehar gogotsu entrenatzen aritu garelako. Oso pozik gaude lortutakoarekin, baina badakigu gaur horrela izan den bezalaxe, bihar beste aldean egon gaitezkeela. Horregatik, apaltasunez lan egiten jarraitu behar dugu, beti ere hankak lurrean ditugularik. Espero dugu azken garaipena ez izatea, eta gauzak txukun egiten jarraitzea gure helburuak betetzeko. Izan ere, ETE liga honetan hainbat ontzi gaude parekotasun handiarekin.
Amaitzeko, aipatu nahiko genuke liga berri honen sorrera aurrerapauso nabarmena izan dela, Euskotren ligatik at gelditzen diren traineruei aukera ematen dielako liga beste modu batera bizitzeko, eta estropada kopuru handiagoa izateko.