Groseko Asanblada Feministako kideak eraso sexisten aurkako kartelarekin. (Argazkia: GAF)
Aurten, lehen aldiz, hainbat jarduera antolatu ditu Groseko Asanblada Feministak (GAF) Zipotz jaietarako. Ostegunean, uztailaren 12an hasiko dira jaiak, eta GAF-ek antolatu dituen jarduerak, ostiralean, uztailaren 13an izango dira.
Alde batetik
, Bertso-poteoa antolatu dute Eli Pagola eta Maider Arregi bertsolariekin, 12:30ean Katalunia Plazako karpatik aterata. Bestetik,
NAN arrotzen jaurtiketa antolatu dute Txosna batzordearekin batera, eta Katalunia Plazan izango da 14:00etan. Ondoren, 14:30ean, bazkaria izango dute eta bazkalostean,
bingo musikatua egingo dute. Bingoa, zenbakiekin beharrean abestiekin izango dela azaldu du GAF-eko Amaia Ouladek, eta abesti guztien egileak emakumeak direla gaineratu du. Azkenik,
Nerea Arriolaren bakarrizketa antolatu dute, Ikigai Betelu Studioan (Miserikordia kalea 5).
Duela urtebete inguru sortu zen taldea eta pasa den urteko jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa jarri zuten martxan. “Horretara mugatu ginen, protokoloa kudeatzera eta presentzia izatera; ez genuen indarrik jaietarako jarduerarik antolatzeko”, azaldu du Ouladek. Eraso sexisten aurkako protokoloaz gain, beste modu batzuetara presentzia izatea garrantzitsua iruditzen zaie taldekoei eta horregatik, aurten hainbat jarduera antolatzera animatu direla baieztatu du talde feministako kideak: “gure artean gehiago bildu gara eta indartsuago gaude, eta horrek asko animatu gaitu”. Horrez gain, protokoloa ere findu dutela eta “brigada feministak” antolatu dituztela azaldu du grosekoak.
Egitaraurako jarduerak antolatzeko, auzoko hainbat eragilerekin saretu dira talde feministakoak, esaterako, Txosna batzordearekin eta kuadrillen taldearekin, eta hori “aberasgarria” dela adierazi dute. Pozik daude pausu berriarekin: “ez da asko, baina pixka bat gehiago elkartu eta presentzia izateko egokia iruditzen zitzaigun zerbait antolatzea, eta gure artean gozatzeko helburuarekin ere egin dugu”.