Santa Maria elizako organoa. (Argazkia: Nagore Koch)
Organoa berrituko dute Santa Maria elizan, eta lehiaketa irekia deitu dute zaharberritze proiektua hautatzeko. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da, eta bi aurreproiektu onenak hautatu dituzte, eta proiektua erredaktatzeko eskatu diete. Aurreikusi dute lanak urtea amaitu baino lehen hastea eta eta 2020an amaitzea. Zaharberritzeak 600.000 – 800.000 bitarteko euroko kostua izango du; Kultura departamentuak ordainduko du inbertsioaren erdia; gainontzekoa, aldiz, Donostiako Elizbarrutiak eta Udalak finantzatuko dituzte, erdibana.
Denis Itxaso kultura diputatua harro agertu da: «Arte ondare garrantzitsuenetakoak dira Gipuzkoako organo erromantikoak, eta Aldundiak aditu batzorde bat sortu du haien mantentze lanetarako eta kontserbaziorako. Prest gaude lurraldeko organo-alerik baliotsuenak berritzeko». Azken urteetan organo asko zaharberritu ditu Donostiako Elizbarrutiak, Aldundiarekin lankidetzan eta organo-jotzaile adituen aholkularitzari esker. Hala eta guztiz ere, ekonomia krisiaren eraginez, Artzai Onaren katedraleko organoa zaharberritu zenetik, oso zaharberritze proiektu gutxi egin dituzte.
Batzordeak aholkularitza izango du Batzorde Tekniko baten aldetik; bigarren batzorde horrek Musikeneko organo-irakaslea, Esteban Landart, izango du koordinatzaile eta organo-ondareari lotutako hainbat diziplinatako adituek osatuko dute, baita instrumentu horren interpretatzaileek eta Elizbarrutiko, parrokietako eta udaletako ordezkariek ere. Organismo horrek aholkuak ematen ditu instrumentu batean esku-hartu behar ote den erabakitzeko.
Bergarako San Pedro elizako organoa zaharberritzeko asmoa dute Donostiakoaren ondoren.
Organo berezia
Cavaille-Coll organogile maisuak egindako azkena da Santa Mariako organoa, eta bat dator jatorrizko egoeran organo erromantikoak duen prototipoarekin. Fernand Princek harmonizatu zuen eta 1863an instalatu zuten. Adituek diotenez, oso ezaguna da nazioartean, Cesar Francken musika interpretatzeko aproposenetakoa delako.
Organoa liturgietarako zein kontzertuetarako erabiltzen dute elizetan; eta instrumentu sendo zein delikatua denez, adituen mantentze lanak behar izaten ditu; horrela, zaharberritze prozesuetan, galdutako sonoritatea itzuli behar izaten zaio.