Amara: Langile auzoak hauspotutako jaiak
Amarako jaiak betidanik sanjoanak izan direla azaldu du In?aki Egan?a historialariak, XIX. mendetik gutxienez. Urtero egiten zuen sanjoanetan erromeria bat Osasun iturria zegoen tokian, egungo Autonomia kaleko 13. atarian. Benetako jaiak geroago sortu ziren, auzoa eraiki zenean: “Topo geltokia egin zuten, auzo dotorea Urbieta eta Easo kaleetan zegoen, eta langileen auzoa Osasun Iturrian eta Amara kalean. Bizilagun gehienak ziren trenbidea egitera etorritako langileak.
1922an Donosti Berri sortu zen, eta elkartea hasi zen jaiak antolatzen. Gerra garaian, ordea, Marcelino Celigueta elkarteko presidentea –auzoko txurro denda ezagunaren jabea ere bazen– atxilotu eta fusilatu egin zuten. Beste hainbat kide ere atxilotu zituzten, eta Donosti Berrin kide faxistak sartu ziren haien ordez. Geroago, 60ko hamarkadaren erdialdean, jende gaztea sartzen hasi zen, beste ikuspegi eta balio batzuekin. Eta haien artean talka gertatu zen. Ez zuten lortu sanjoanen egitaraua iraultzea, beraz, beste jai batzuk sortu zituzten. San Ignazio egunaren bueltan egiten hasi ziren jaiak, 1968. urtean, eta horiek dira gaur arte iraun duten jaiak –San Roken Aste Nagusian egin izan ziren jaiak, eta Vasconia elkarteak sanjoanak ospatzen zituen–. Garai horretan izugarrizko mugimendua piztu zen auzoan.
Jaiak urtetik urtera indartzen eta hobetzen hasi ziren, eta 70eko hamarkadan Donostiako jai indartsuenetakoak izan ziren. Erramun Martikorenak jo zuen garai hartan. Hego Euskal Herrian eman zuen lehen zuzenekoa izan zen. “Estralurtarra zela zirudien. Gurea langile auzoa zen, eta nahiko erdalduna. Halere, dena euskaraz egiten zen. Jaiak hasi zituztenek sekulako ausardia izan zuten. Babes handia zuten jaiek. Ia auzoko denda guztiek diruz laguntzen zituzten festak. Eta etxez etxe ere biltzen zen diru mordoa. Bitxikeria gisa, behin, Donostiako Kasinoak jaien aurrekontuaren erdia ordaindu zuen: “Pentsa nolako garrantzia zuten Amarako jaiek! Auzo txiki batek antolatzen zituen Donostiako jairik handienak”, esan du Egan?ak.
Gaur egun Donosti Berrik bilera ireki bat egiten du jaiak antolatzeko, eta saiatzen da ahalik eta bizilagun gehien biltzen. Hor talde bat sortzen da, eta horrela antolatzen dituzte jaiak. Askoz xumeagoak dira, eta auzoarentzat egiten dira, txikitasunetik.