Donosti Zarra danborrada.
Badakizue Donostiako bigarren danborrada zaharrena Antiguakoa dela? Donosti Zarra elkartearena, hain zuzen. 1936ko gerraren ondorioz desagertu egin zen, 1943an Antiguako Luistarrek berreskuratu zuten arte. Eta Danbor Nagusi bera mantendu zuten: Mariano Elola. Gaur egungo Gazte Danborradak hartu zuen danborrada zaharrenaren lekukoa.
Angel Gete auzotarrak azaldu du nola sortu ziren sansebastianak Antiguan: “Union Artesanaren danborrada Parte Zaharretik Antiguaraino etortzen zen prozesioarekin, eta pixkana hemen ere festa giroa sortzen hasi zen. Hau langile auzoa zen, nahiz eta Ondarretako etxeetan jende aberatsa bizi, eta herri txiki baten modukoa zen”.
San Sebastian eguna Antiguan.
Egungo Baso Etxea elkarteak (auzoko Pen?a Taurinoa zen garaian) eta Istingorra elkarteak ere danborradak sortu zituzten. Getek gogoan du txikitan ikusten zituela danborradak lantegietako teilatuetatik. Egun Antiguako jai batzordeak antolatzen ditu sansebastianak, eta egun handiaren bueltan egitarau zabala antolatzen du.
Urtarrilean ez ezik, ekainean ere jaiak ospatzen dituzte, eta hauek ere tradizio handia dute, aspalditik egin baitira udako solstizioarekin lotutako festak. Parte hartzaileak eta herrikoiak izan dira beti. Hasieran, Antiguako Luistarrek egiten zituzten, eta ondoren, 70eko hamarkadan, Jakintza ikastolakoek. Antiguotarrak elkarteak berreskuratu zituen 1987an, eta geroztik eurek hartu dute jaiak egiteko ardura.