Arduradunak, belodromoan egindako agerraldian. (Argazkia: Aldundia)
Donostia Kirolak eta Aldundiak Belodromoko atletismoko pista berrituko dute, sinatutako akordioari esker. Proiektuaren kostua 375.354 eurokoa da, eta Aldundiak jarriko ditu 150.141 euro. Proiektuaren helburua da atletismo pistako material sintetikoa kentzea eta berria ezartzea. Izan ere, 25 urte ditu gaur egungo gainazalak, orain ez ditu betetzen jatorrian zituen baldintzak, eta materialaren osagai batzuk desegiten ari dira. Lur berria urdina izango da, Eneko Goia alkatearen hitzetan, “donostiarragoa”.
Denis Itxaso Kirol diputatuak obren garrantzia nabarmendu du: “Aldundian jabetzen gara garrantzitsua dela gipuzkoar guztiek eta kirolariek, oro har, instalazio onak erabiltzeko aukera izatea, bertan kirola egin dezaten eta horrela haien bizi kalitatea hobetu dadin. Hain justu, belodromoa gure kirolariek gehien erabiltzen duten instalazioetako bat da. Hori dela eta, ezinbestekoa da hura baldintza onetan egotea”. Eneko Goiak nabarmendu du istalazioaren balioa: “Euskadin mota honetako pista bakarra da Belodromokoa, beharrezkoa zen presazkoa zen birmoldatzea. Pista prest egongo da irailerako, atletak pista estaliko denboraldia prestatzen hasten direnerako”.
Obraren baitan, asmoa dute 357 metro koadroko beste zoladura bat instalatzeko, beroketa eremuan. Horretaz gain, berritu nahi dituzte pisu jaurtiketarako sektorea eta LED teknologiadun bideopantaila bat ere.