Zipotz jaiak, hasierako urteetan. (Argazkia: Groseko jai batzordea)
Zipotz jaiak sortu baino lehen, baziren beste jai batzuk Grosen, hainbat elkartek antolatutakoak, bakoitzak bere aldetik: Saninazioak, santiagoak, Sagueseko jaiak… San Ignazio jaiak ospatzen ziren Umore Ona elkartearen ekimenez. Indar handia izan zuten, baina pixkanaka desagertzen hasi ziren, eta soilik danborrada geratu zen. Momentu horretan, 1991. urtean, sortu ziren Zipotz jaiak. Alex Martinez jai batzordeko kideak azaldu du nola: “Auzotar batzuk bildu ziren auzo elkarteko kide batzuekin, eta auzoko jai batzuk beharrezkoak zirela pentsatu zuten, bizilagunen artean egindakoak. Ideia batzuk adostu zituzten eta jaiak antolatu zituzten. Urte berean San Tomas ospatzen hasi ziren auzoan”.
1994. urtean jarri zieten izena: Zipotz jaiak. Eta izenarekin batera, jaietako pertsonaia: Zipotz. “Erabaki genuen jaietarako pertsonaia bat sortzea, gainontzeko jaiek izaten duten moduan. Auzoko historian arakatzen hasi ginen, eta Zipotz agertu zen.
Groseko bizilagun bat zen, auzoko jai guztietan parte hartzen zuena eta antolaketan aritzen zena, eta denek ezagutzen zuten. Txantxilloren antzeko zerbait, baina beste formatu batean». Legami sortu zuten ondoren, berdintasuna egon zedin jaien ikurretan. “Ulian bizi zen neska bat zen Legami, eta beti Zipotzekin ibiltzen zen”.
ZIpotz jaietako artxiboko irudi bat. (Argazkia: Groseko jai batzordea)
Jaiek egin duten 27 urteko ibilbidean auzoa asko aldatu dela uste du Martinezek –jai batzordean denbora
gehien izan den kidea da, ia 20 urte eman ditu lanean–: “Langile auzo izatetik erdiguneko auzo izatera pasa da. Plazak berritu dira, eta hainbat gune ere bai. Urte askoan ez genekien non egingo ziren jaiak. Egon gara Manteon, Nafarroa Behera plazan, Saguesen, Zuhaiztin… Zuhaiztitik pasa ondoren, gure borroka izan zen gure jaiak Groseko erdigunean egitea, eta azkenean lortu genuen udalarekin akordio bat, eta Katalunia plazan geratu ginen”. Auzotar askoren lana eta babesari esker urtez urte traba guztiei aurre egitea lortu dute.