Loretopean bainatzea segurua dela dio udalak
Eguzki taldeak ere oharra atera zuen asteazkenean Donostiako Udalari azalpen eske. Ane Oiarbide Ingurumen zinegotziak gertatutakoa “puntuala” izan dela adierazi du. “Arazoa izan da uraren kalitatea neurtzen duten parametroetako batek muga pixka bat gainditu duela”.
Dagoeneko ez dago bandera gorririk Loretopean, eremuan egindako analisien azken emaitzak onak direlako. Oiarbidek azaldu duenez, astelehenean zortzi lagin jaso ziren hiriko hondartzetan urteko astelehenetan egin ohi denez. “Loretopean bainatzeko uraren kalitate muga pixka bat gainditu zen. Hurrengo egunean ere gauza bera gertatu zen, eta eremua kalitate eskasekoa eta bainurako ezegokia zela ebatzi zen”. Hori dela eta, bandera gorria jarri zuten bai Kontxan eta bai Loretopetik hurbil dagoen Ondarretako muturrean.
Astean zehar laginak hartzen jarraitu du udalak, eta azken hiru egunetako analisien emaitzak onak izan dira. “Uraren kalitateak ohiko maila du berriz ere”, esan du Oiarbidek.
Aste honetan, Ondarretako Loretopean jarritako bandera gorriak herritarren kezka sortu du.