Ulian 200 oheko hotel bat eraikitzeko proiektuak haserrea eragin du auzotarren artean
Ulia pasealekuan 200 oheko hotel berri bat egingo dutela jakin dute auzoko bizilagunek duela zenbait egun, eta proiektuak haserrea eragin du auzotarren artean. Eraikina San Ignacio klinikaren lursailean eraiki nahi dute, udal gobernuaren aprobazioarekin.
Auzotarrek, ordea, hedabideen bitartez izan dute proiektuaren berri. Gaiaren inguruan gardentasun falta egon dela salatu dute, udal gobernuko inork informaziorik ez delako eta proiektua martxan zegoela ezagutu dutelako Ulian hotela eraikitzeko asmoa.
Egoera honen aurrean, antolatzea erabaki dute. Auzoko biztanleek asanblada bat osatu dute hotelaren eraikuntza ezagutarazi eta geldiarazteko. Aste honetan alegazioak aurkeztu dizkiote proiektuari, eta datozen egunetan mobilizazioak egingo dituztela adierazi dute.
Bizilagunek San Ignacio klinikaren lursail hori eremu berdea zela gogoratu dute, eta bertan eraikitzeko baimenik ez zegoela uste zuten. Proiektu honen harira, ordea, 2010ean udalak klinikari lursailean eraikitzeko baimena eman ziola jakin dute auzotarrek: “Orain izan dugu erabaki horren berri, erabat ezkutuan egin zutelako”.
Hotelaren planoak ikusi dituzte ere, eta “dimentsio izugarriak” izango dituela salatu dute. Besteak beste, errepidetik hamaika metro goraka egingo duen eraikina dela diote auzotarrek, eta inguruko eraikinen ezaugarriak kontutan hartu ez direla salatu dute. Gainera, tamaina horretako hotel bat eraikitzea trafiko arazo handiak suposatuko lituzkeela adierazi dute, pasealekuko errepidea horretarako prest ez dagoela argudiatuz.
Hotelak auzoaren izaeran eta bizilagunen bizitzan izan ditzakeen eraginak dira, ordea, auzoan kezka gehien sortzen dutenak: “Horrelako eraikuntza batek ez dauka zerikusirik gure auzoarekin”.
IRUTXULOKO HITZAk gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko du datorren asteko astekarian.