
San Martzial eliza 1390ean sortu zenetik, altzatarren zaindariaren egunak ospakizun berezia izan du. XIX. mendean erromeriak egiten zituzten, eta ohikoa zen gertuen zegoen igandean egitea. Udala zen festak antolatzen zituena, eta XX. mendean auzoak sortu ziren heinean, bertako elkarteek antolatzen zituzten udalaren diru-laguntzarekin.
Donostiak Altza anexionatu zuenean, San Martzial jaiak Altzako eguna izatetik kaskoko festak izatera pasa ziren. Gaur egun, 1958an sortu zen Altzatarra elkarteak antolatzen ditu. Ekainaren 30aren bueltan izaten dira.
Kaskoko jaiez gain, badira Altzan ospatzen diren beste zenbait festa. Oleta eta Jolastokieta auzoetakoak dira horietako bi. Oletakoak duela 72 urte hasi ziren antolatzen, bertan bizi ziren bizilagunak elkartuta. Sardina jana da hasieratik mantendu dutena. Ekaina bukaeran izan ohi dira. Bestalde, Jolasto- kietako jaiek ere urteetako tradizioa dute, eta iraila hasieran ospatzen dituzte.