
Historia luzea dute Herrerako San Luis jaiek. Askok garai bateko festak gogoratzen dituzte; inguruetako pertsona asko etorri eta auzoa betetzen zuten. Historia berriagoa ere badute, ordea. Herreraren itxurarekin eta aldarrikapenarekin garatzen joan dira. Etxebizitza berriekin batera, berriz ere plaza bete duten jaiekin hasi ziren 2005ean. Urte hartan elkartu ziren auzotarrak jaiei bultzada berria emateko.
Altzako auzoen arteko herri kirolak antolatu zituzten 2006an, eta Herrerako plazako lanak egiten hasi ziren. Hasiera hartan, errepideko pasabide berria eraikitzearen aurkako protestak hori kolorearekin egin zituzten. 2007an plaza berritzeko lanek aurrera jarraitu zuten, gerora festen topagune bihurtuko zena.
Lehen kontzertu potoloa 2010ean antolatu zuten, eta Su Ta Gar izan zen talde protagonista. Urte berean hasi ziren plazako etxea eraikitzen eta urtebete geroago bukatu zuten. Hain zuzen ere, 2011n jaietako pertsonaiak sortu zituzten: Luisito eta Luisita.
2013an Benidormeko oporralditik etorri ziren biak Herrerako jaiak bizilagunekin ospatzera, eta bide batez, lehendabiziko paella txapelketa egin zuten. Urtebete beranduago Luisito eta Luisita erraldoiak sortu zituzten, eta plaza haurrez bete zuten. Ordutik aurrera, adin tarte guztientzako egitarauarekin eta kontzertu esanguratsuekin bete dute Herrerako plaza.