
Aspalditik ospatzen dituzte jaiak Martutenen, Pilarko Ama Birjinaren egunaren bueltan, urrian. 1992an sortu zuten Martutene Jaiak jai batzordea, eta haiek ekin zieten jai indartsuak bultzatzeari, auzotarren lanari esker. Indartsu ekin zieten arren, jaiak kolokan egon ziren urteek aurrera egin ahala. Zorionez, antolakuntzaren lekukoa pasatuz jai batzordea indartzea lortu zuten azkenean. “Iaz festak kolokan egon ziren, antolatze lanetan aritzeko jenderik ez zegoelako. Zorionez, iazko deiaren ondoren, jai batzordea indartu egin da. Ez gara talde handia, baina nahiko ondo moldatu gara”, adierazi zion
Irutxulo aldizkariari jai batzordeko Elbirek, 2005eko jaietan. Horrela, atzean geratu ziren azken urteetako arazoak, eta 2008an Martu Jaiak sortu zuten, ordutik jaiak antolatzen dituztenak.
Urriaren 12a izan da beti jaietako egun garrantzitsuena, eta egun horretan ohitura dute azoka handia egiteko auzoko baserritarren produktuekin, sagardo jaiarekin, herri kirolekin eta bestelako jarduerekin. 1979ko argazki bati esker jakin izan dugunez, kart lasterketak ere egiten zituzten garai batean.