Aldakonean Kutxaren interesak lehenestea leporatu dio EH Bilduk udalari
Aldakonea hirigintza proiektua eta udal gobernuaren jarrera kritikatu ditu. “300 etxebizitza eraikitzeko aurkeztu duten egitasmoak ez dio erantzuten interes orokorrari. Kutxari gainbalioak sortzeko pentsatuta dago”, azaldu du Ricardo Burutaran zinegotziak. Hain zuzen ere, Kutxa Fundazioaren interesei erantzuten diela azpimarratu du.
Aldakonea magalean eraiki nahi dituzten etxebizitza berrietatik babes ofizialekoak gutxi izango direla esan du Burutaranek. “Soilik 120 bat izango dira babestutakoak. Gainera, kopuru horretan sartu behar dira gaur egun bertan bizi direnei zuzendutako ordezko etxebizitzak”.
Azken urteetan etxebizitza eskuratzeko 33.000 eskaera jaso dira Etxegintzan, eta horietako gehienak alokairurako. “Udalak egin berri duen etxebizitza txostenaren arabera, 2002 eta 2018 artean alokairurako 15.661 eskaera jaso ziren, 4.012 erosketarako eta 13.600 alokairua edo erosket”, gaineratu du Burutaranek.
Etxebizitza libreak
Kutxa Fundazioa da Aldakonea magaleko orube askoren jabea, eta egitasmoaren sustatzailea Kutxa bera dela dio EH Bilduk. “Udala Kutxaren interesen babeslearen papera egiten ari da”. Etxebizitza libreei dagokienez, Kutxaren benetako helburua “eremuarekin espekulatzea” dela uste du Burutaranek: “Etxebizitza libreek eremu horretan hartuko dituzten prezioak oso altuak izan daitezke”.
EH Bilduren udal taldearen ustez, Aldakonean egin beharreko kudeaketa beste bat izan beharko luke. “Logikoena udalak Kutxari eremu honen jabetza erostea izango litzateke, prezio zentzudun batean, eta horren ondorioz, babestutako etxebizitza lehentasunezkoa izango duen egitasmo bat aurkeztea”, esan du Burutaranek.
EH Bilduren udal taldeak