Amara Berriko parte hartze plana aurkeztu dute Ernesto Gascok eta Duñike Agirrezabalagak. (Argazkia: Beñat Parra)
Amara Berriko Espazio Publikoen Aktibazio eta Hobekuntza Plana aurkeztu dute gaur goizean Ernesto Gasco Donostiako Udaleko alkateordeak eta Duñike Agirrezabalaga Auzoetako zinegotziak. Bizilagunen parte hartzea da planaren muina; birmoldatzea haien beharretara egokitzeko.
Plana Paisaje Transversal enpresari agindu dio udalak eta 18.000 euroko kostua izango du. Agirrezabalagak azaldu duenez, udazkenean jarriko da abian partaidetza prozesua eta hamabi astez luzatuko da. Ez da enpresa horrekin lan egiten duten lehen aldia, Egian eta Amara Berrin bertan ere lanak egin izan baititu.
Hiriko auzo populatuena izateagatik, auzoko estruktura urbanistikoarengatik eta auzoa bizitzen ari den transformazio ezberdinengatik -Anoeta Berria, kasu- auzoko bizikidetza sustatzeko “gogoeta partekatu” baten beharra azpimarratu du Gascok. Haren ustez, beste auzoentzat eredu izan daitekeen plana da eta bizilagunei kontsultatze hutsak hiria hobetzen du. Horregatik, “ariketa ausarta eta asmo handikoa” dela adierazi du Gascok. Bestalde, lanak auzoaren lotura bilatzen duela esan du alkateordeak, eta gobernuak zer egin erabaki ordez, bizilagunek erabakitzearen garrantzia nabarmendu du.
Auzoko hainbat eragilek hartuko dute parte planean, hala nola, Amara Berri Auzo Elkarteak, auzoko eskola publikoek, Super Amarak eta Arccok. Auzo Elkarteko lehendakariak, Iñaki Olasagastik, auzoa “zaharkituta” dagoela adierazi du, denak ados jarri behar direla nabarmenduz. Auzoko denda txikiak berpizteko beharra ere aipatu du Olasagastik, are gehiago Garberako handitze plana aurrera doala ikusita. Auzoak behar duena azaltzeko, Gregorio Ordoñez kaleko urbanizazioa jarri du adibide gisara. Izan ere, auzotarren “elkargune” bat izan daitekeela uste du.
Planaren faseak
Parte hartze plana hiru fasetan egingo da. Lehenik, prestakuntza fasea, behaketa eta diagnostiko fasea ondoren, eta hobekuntza estrategien fasea, azkenik. Lehen fasean udalarekin bilerak egingo dituzte, erabilera eremua eta mugak zehazteko. Ondoren, behaketa eta diagnostiko fasean, prozesu parte hartzailea abian jarriko da.
Prozesu horretan, elkarrizketak eta inkestak egingo dira kalean; bai Madril hiribidean, Isabel II.a hiribidean eta Jose Maria Salaberria kalean egongo diren puntu finkoetan, eta baita ere auzoan zehar ibiliko den puntu mugikorrean.
Bigarren fase horretan, auzoko hainbat eragile eta pertsonekin ibilbide bat egingo dute auzotik hobekuntza posibleak aztertzeko. Fase horren emaitza diagnostiko dokumentu bat izango da, non, ordura arte bildutako balorazio eta proposamenak azalduko diren. Azken fasean, aipatu dokumentuan oinarrituz, hobekuntza estrategiak erabakiko dituzte udal teknikari eta arduradunekin elkarlanean.