[Irudiak] Arrantzale eta saregileak omendu dituzte Karmengo Amaren egunean
Urtero bezala, Karmengo Amaren eguna dela eta, Donostiako Udalak Gipuzkoako arrantzale eta saregile erretiratuak omendu ditu gaur udalbatza-aretoan. Ekitaldi berezia izan da, eta Eneko Goia alkatea eta Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Arrantzaleen Kofradiako ordezkariak egon dira bertan. Arrantzale eta saregile ohi helduenak saritu dituzte, eta bertso batzuk eskaini dizkiete ere, dantzarien emanaldiaren aurretik.
Ondoren, kaiko San Pedro elizara hurbildu dira omenduak, Karmengo Amaren eguneko meza entzuteko. Bitartean, Donostiako arrantzaleen kofradiak itsas prozesioa egin du badian barrena Karmengo Amaren irudiarekin. Hamar bat ontziz jarraiturik, lore sorta bat bota dute uretara, itsasoan hildako arrantzaleen omenez.
Portura bueltan, mezatik irtendako herritarrek harrera egin diote Karmengo Amari, eta apaizak kaiko itsasontziak bedeinkatu ditu. Kresala Dantza Taldeko kideek eliza parean eskainitako dantza emanaldiarekin amaitu dute omenaldia.
IRUTXULOKO HITZA bertan izan da goizak utzitako irudiak jasotzeko.