Loiolako Erribera: Donostiako jai gazteenek bizi osoa dute aurretik
Auzoa 2006 urtean sortu bazen ere, jaiak, 2009an egin ziren lehen aldiz. Ekainean eta uztailean zehar hiriko auzoetan jai asko daudenez, irailean egiteko apustua egin zuten auzotarrek eta, zehazki, jaiak estropaden ondorengo asteburuan egitea erabaki zuten.
Geroztik, eskema berdinari eutsi diote: ostiralean pregoia (azken urteetan, besteak beste Jon Garan?o eta Larraitz Lucas auzotarrak izan dira pregoilari) eta haurrentzako buruhandiak eta erraldoiak; larunba- tean, haur jolasak goizean eta herri afaria eta dantzaldia gauean, eta igandean, goizean patata tortilla lehiaketa arrakastatsua. Arratsaldean, hainbat lehiaketen sari banaketa egiten dute, hala nola: patata tortilla lehiaketarena, mus txapelketarena eta pintxo lehiaketarena.
Antolatzen diren jarduerak auzoko plaza guztietan egiten saiatzen dira, baina erdigunea, Ikasbide ikastola ondoan izaten da bertan jartzen direlako oholtza eta haur eta gaztetxoentzako barrakak.
Jai gazteak izanik, urtetik urtera berrikuntzaren bat edo beste sartzen da egitarauan. Iaz, esaterako, mariatxi talde batek kontzertua egin zuen jaien amaieran lehen aldiz.
Antolatzaileek, hala ere, ostiraleko afaria nabarmentzen dute: nork bere afaria jaisten du kalera eta lagunarteko giroan afaltzen da. Horrekin batera, pintxo lehiaketak ere garrantzia handia du. Auzoko taberna gehienek pintxo bat sortzen dute txapelketarako eta horiek probatzen dituzten auzotarrek erabakitzen dute, euren botoekin, zein den pintxorik onena.