
Xabier Artola eta Idoia Besada, 2017ko Dantza Sueltoko Txapelketako irabazleak. (Argazkia: Donostia Festak)
Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago eta abuztuaren 21ean, asteartea, eguerdiko 13:30ean bukatuko da. 2018ko Euskal Jaien baitan ospatuko da Donostiako Sueltoko Txapelketa, Konstituzio plazan. Txapelketa irailaren 2an izango da, arratsaldeko 18:00etan.
Lehiaketa Donostia Festakek antolatu du,
Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin eta pertsona guztiek parte har dezakete bertan, baldin eta partaideetako batek gutxienez, 16 urte beteak baldin baditu. Antolatzaileek argitaratutako oinarrien arabera, epaimahaia dantza soltean adituak diren pertsonek osatuko dute eta honako irizpideak izango ditu kontuan: pausoak, goialdea, mugimendua, alderdi artistikoa, melodia eta erritmoa.
Jantziei dagokionez, nahitaezkoa izango da usadiozko jantzia erabiltzea eta txapelketaren berezko sariez gain, Sari Bereziak banatuko dira lehenengo donostiar sarituentzat, hiriko talde eta akademien partaidetza suspertzeko asmoz.