Egia: Blusa bustiak, atzo eta gaur
Porrontxo jaiak 80ko hamarkada hasieran jaio ziren, Arrano elkartearen sorrerarekin batera, eta urteen buruan Donostiako auzoetako jai ezagunenetarikoak bilakatu dira. Irailaren hirugarren asteburuan ospatzen dute Egiako bizilagunek bere jaia, Porrontxo eta Porrontxina erraldoiekin batera.
Egiako bizilagunek garbi zuten ez zutela inolako santu edo kontu erlijiosorekin zerikusirik izango zuen ospakizun bat nahi, baina auzoko festa herrikoi batzuk antolatzeko asmo irmoa zuten. Horregatik hartu zuten sudurra Porrontxoetako ikur gisa, jaiak “por narices!” egingo zituztelako, alegia. Geroztik, auzotarrak urtero atera ohi dira Egiako kaleetara euren blusekin jantzita. Gaur egun, guztira 40 kuadrilla inguruk hartzen dute parte jaietan, bakoitzak bere izen eta kolore propioekin.
Ia 40 urteko ibilbide horretan jaiak asko aldatu dira, eta lehen arrakasta handia zuten zenbait ekitaldi bidean galdu dira, ideia berriei lekua egiteko. Atzean geratu diren ohituren artean, Urumea ibaian egiten zuten kuadrillen arteko estropada dago. Urte askotan zehar, kuadrilla bakoitzeko animatuenak, mozkorrak sarritan, itxura eta egoera kaskarreko txalupetan bota ohi ziren uretara, eta auzotarrek gogotsu jarraitzen zuten ikuskizun hura ibaiertzetik, hurrengo ontzia noiz irauliko zain.
Orain bizilagunek txosnetan soilik bustitzen dute blusa, baina horrek ez du axola, Porrontxoetako sudurrak agerian jartzen baitu Egiako jendeak beti jakingo duela jaietan ederki pasatzen.