Aspaldiko jaietan zerbitzarien lasterketa egin ohi duten auzoan.
Intxaurrondoko jendeari jaietarako gogorik ez zaio falta. Hain dute gustuko festa, auzoko zonalde bakoitzak bere jai propioak antolatzeko ohitura duela: goiko, beheko eta erdiko Intxaurrondoko jaiak, alegia. Hiru bakarra baino hobe, noski.
Martxa udararekin batera abiatzen dute, Intxaurrondo erdiko San Joan jaiekin. Garai batean hiru eguneko festa bazen ere, gaur egun San Joan bezpera ospatzen dute soilik, egun osoko egitarauarekin.
Jada berotuta, hurrengo asteburuko Intxaur jaietarako prest egoten dira auzotarrak. Hainbat urtean Kaldero Jaun izenez ezagutu dira goiko Intxaurrondoko jaiak, baina duela lau urte bertan behera geratu ziren, urteetan zehar lanean ibilitako jai batzordeak erreleborik topatu ez zuelako. Zorionez, Letaman gaztetxeko zenbait gaztek festa berpizteko ardura hartu zuten urte horretan bertan, jai herrikoi eta parte hartzaile batzuk sustatzeko asmoarekin, eta geroztik festak ez du etenik izan.
Intxaurrondo zaharreko jaiak udarari agur esateko unean iristen dira, iraileko bigarren astean. Auzoko festa jendetsuenak izaten dira, historia gehien duten jaiak direlako, agian. Aspaldiko jaietan, zerbitzarien lasterketa egin ohi zuten auzoan. Izan ere, Intxaurrondon ematen dieten lana ikusita, barra atzeko langileak korrika egiten jartzea falta zitzaien soilik auzoko bizilagunei.