Auzoko Danak bat elkartean luntxak egin ohi zituzten ere.
Morlansko jaiek badute bere historia, eta auzoak berak bezala, aldaketa nabarmenak jasan dituzte urteetan zehar. Lehenagotik ospatzen baziren ere, 1975 eta 1990 urteen bitartean jaiek arrakasta handia izan zuten, Danak Bat elkarteko jai batzordeko kideek gogo asko jartzen baitzioten festen antolakuntzari.
Auzoko ikastolan egiten zuten futbol txapelketak jende asko erakartzen zuela diote elkarteko kideek, eta korrika egitea horren gustuko ez zutenek toka eta mus txapelketetan saria irabazteko aukera zutela azaltzen dute. Gaualdera, kontzertuak eskaini ohi zituzten eskolako aretoan.
Jaietako ekitaldi politenak auzotarren afariak izan ohi ziren, ordea, Danak Bateko kideen arabera. 80ko hamarkadan Morlansek uholde arazoak jasaten zituen askotan, eta horrek eltxo piloa erakarri zuen auzora. Udalak kasu egiten ez zietenez, elkarteko kideek Ramon Labaien alkateari jaietako afarira gonbidatu zuten, bertan euren arazoaren berri emateko asmoz. Hain gustura afaldu zuen Labaienek, bi aldiz pentsatu gabe eltxoen arazoari amaiera emateko konpromisoa hartu zuela. Hortik aste gutxira, udalak 23 milioi pezeta ordaindu zituen Morlansko lursailak asfaltatu eta uholdeak saihesteko.
Urteak joan ahala, ordea, jai batzordea indarra galtzen joan zen, eta errelebo falta zela eta jaiak bertan behera geratu ziren 2.000. urtearen bueltan. Handik gutxira auzoa hazi egin zen, eta bizilagun berriek jaiak sortu zituzten auzoan giroa sortu eta denek elkar ezagutzeko. Duela lau urte hasi ziren jaiak ospatzen, Morlanstarrak auzo elkartearen ekimenez.