Protesta egin dute hainbat eragilek udalbatzarrean. (Argazkia: Beñat Parra)
Gaur goizeko udalbatzarrean onartu ditu Donostiako Udalak Garbera handitzeko eta Illunben merkataritza zentro bat eraikitzeko proiektuak, EH Bildu eta Irabazi Donostia taldeen aurkako bozekin. Bertan egin dute protesta proiektu horien kontra dauden Gipuzkoako hainbat merkataritza elkarte eta eragilek.
Bittor Lizarribar Euskal Dendak EAEko merkatarien elkarteko presidenteak adierazi du gaur onartu diren merkataritza proiektuak “oso negatiboak” direla merkatari txikientzat. Udalbatzarrean, merkatari txikiak urtean 1.000.000 eurorekin laguntzen dituela nabarmendu du Ernesto Gasco Merkataritza zinegotziak. Baina merkatari txikiak laguntzeko era ez dela deritzo Lizarribarrek: “Merkatari txikiak benetan lagundu nahi badituzte, limosnak ematen baino gehiago laguntzen dute merkataritza zentro handiak ez handitzen eta legeak ez aldatzen”.
Bestalde, proiektu horien aurka dauden eragileak gero eta gehiago direla azpimarratu du Euskal Dendak elkarteko presidenteak: “Asko gaude aurka: bizilagunak, sindikatuak, ekologistak…”. Merkataritza zentro handi nahikoak daudela esan du Lizarribarrek eta, beraz, gehiago egitea ez dela beharrezkoa, birkalifikatuei baino ez dietelako mesede egiten.
Amador Viteri Dendarteko presidenteak proiektu horiek “ilegalak” direla azpimarratu du, Eusko Legebiltzarrak adostutako Lurralde Plan Partzialak gogoratuz. Izan ere, plan horietan merkataritza zentroak handitu behar ez direla gomendatzen da eta, beraz, Donostiako Udala horren kontra doala adierazi du Viterik. Haren ustez, proiektu horiek “oihaneko legea” inposatzen dute gizartean.