Amarako jai batzordeko kideak, Amara kaleko egoitzan. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Jaiak datorren astean hasiko diren arren, lan eta lan dabiltza Amarako jai batzordeko kideak. Auzoko eragile eta elkarteek ere parte hartu dute festen antolakuntzan.
Egun handia izango da datorren ostirala Amarakoentzat, bost egunez auzoa jai giroan murgilduta izango dituen festak hasiko baitira uztailaren 27an. San Ignazio egunaren inguruan ospatzen dituzte jaiak urtero, eta aurten uztailaren 27tik uztailaren 31 bitarte iraungo dute. Amarako jai batzordeak bilera ugari egin ditu azken hilabeteetan Amara kaleko lokalean, eta Itziar Gomez batzordeko kideak azaldu duenez, «kuadrila, norbanako edo elkarte bakoitzak ekitaldiak eta jarduerak proposatzen ditu eta jai batzordeak ekintza horiek koordinatzen ditu».
XIX. mendean, auzoko jaiak San Joanetan ospatzen ziren eta hala izan zen 1968. urtera arte. 60ko hamarkadan, jende gaztea sartu zen jai batzordean eta jaiei beste kutsu bat eman zieten. Gaur egun, belaunaldi ezberdinetako jendeak hartzen du parte jaien antolakuntzan, eta urtetik urtera adin guztietako pertsonentzat erakargarria den egitaraua osatzea lortu dute. Gomezek adierazi duenez, «hartzaile multzo ezberdinetara iristen saiatzen gara, egitaraua ahalik eta osatuena eta auzotar ororentzat erakargarria izateko asmoz».
Lankidetza eta zailtasunak
Auzoko hainbat eragile eta merkatarik ere beren alea jarri dute antolakuntzan. Esaterako, II. Kaxilda xake txapelketa egingo dute lehen egunean, Kaxilda liburudendaren aurrean. Horrez gain, La Bodeguilla tabernan The Bulletek musika emanaldiak egingo ditu jaietako hainbat egunetan, eta aurtengo jaietako berrikuntza nagusia Lau tabernak larunbaterako, uztailaren 28rako hain zuzen, antolatu duen futbolin txapelketa izango da.
Lankidetza nagusi den arren, zailtasunak ere izan dituzte Amarakoek jaiak antolatzeko, gehienbat ekonomikoak eta baimenekin loturikoak. Gomezek salatu duenez, «parte hartzea bultzatzen duen udal batek herritarrek antolaturiko jaiak erraztu eta lagundu beharko lituzkete, eta ez administratiboki bete beharreko paperekin ito».
Jarduera ugari
Ohi bezala, gazte eguna izango da jaietako lehen eguna, eta jaiei hasiera emango dien pregoia irakurri eta txupina bota eta gero, paella txapelketa eta gazte bazkaria egingo dituzte. Ondoren, auzotik zehar bertso-poteoa egingo dute, eta aurten, Gomezek azaldu duenez, auzoko bertsolari gazteek izango dute protagonismoa:?«gazte asanbladak, urtean zehar antolaturiko kultur ekitaldietan auzoko bertsolari gazteei parte hartzeko aukera eskaini eta hauen alde egiten du apustua, baita jaietan ere». Ostiralean bertan, arrakasta handia izan ohi duen kickboxing erakustaldia egingo dute ere bai.
Aurreko urteetan bezala, jaiak kirolarekin nahastuko dituzte eta hainbat erakustaldi eta kirol-txapelketa antolatu dituzte. Esaterako, jaien aurreko asteetan jokatu ohi den pala txapelketa egin dute aurten ere, eta Gomezek nabarmendu duenez, aurten bigarren urtea izango da pala txapelketa mixtoa dena. «Orain arte, gomazko pilotarekin jokatzen zuten bakarrik, eta neskek ez zuten parte hartzen», azaldu du Gomezek. Lehengo urtean hasita, aurten ere bi txapelketa paralelo antolatu dira, bat gomazko pilotarekin eta bestea tenisekoarekin. Parte-hartzean aldaketa nabaria izan dela azaldu du Amarakoak, eta oraindik gomazko pilotako txapelketan gehienak mutilak badira ere, orokorrean parte hartzen duten mutil eta nesken kopurua parekoa dela baieztatu du.
Gauero kontzertuak edo musika emanaldiak egingo dituzte Easo plazan eta honako taldeek joko dute:?Gozo-gozo, Ziribulio, The Thers, Kulto Kultibo, KX DJ, DJ Txorimalo eta Trakets.