Argazkia: Iñaki Agirre
OSAGAIAK
- Oilasko-bularkiak
- Urdaiazpiko kroketak
- Piper gorriak
- Patatak
PRESTAKETA
Asteburuetan plater konbinatu desberdinak eskaintzen dituzte Harrobi tabernan.
Honakoan, inoiz huts egiten ez duen platera prestatu digute: oilasko-bularkiak, urdaiazpiko kroketak, piper gorriak eta patata frijituekin.
Prestaketa sinpleko platera da, baina kalitatezko produktuak erabiltzea ezinbestekoa dela azpimarratzen du Harrobiko arduradunak. Bexamela behar bezala egin, eta kroketak ongi prestatzeko denbora behar da gainera. Emaitzak, ordea, merezi du. On egin!
Marta Apestegia, Harrobi taberna
Argazkia: Iñaki Agirre
“Askorentzat, txorizo egosirik gabe ez dago futbolik!”
Duela bost hilabete hartu zuen Marta Apestegia donostiarrak Zubietako Realaren instalazioetako Harrobi taberna kudeatzeko ardura. Futbol zelaia harmailetatik bezain ondo ikusten da bere terrazatik, bertan janari goxoaz gozatzeko aukera paregabea dagoelarik.
Nolatan animatu zinen Harrobi jatetxea kudeatzera?
Otsailean eskaini ziguten Zubietako taberna kudeatzeko aukera, eta ez genuen bi aldiz pentsatu. Aukera oso polita iruditu zitzaigun.
Gehienbat futbolarekin egiten dugu lan, entrenamenduekin eta partidekin, alegia. Zaleak eta jokalarien senideak etorri ohi zaizkigu tabernara. Hala ere, azkenaldian ahoz aho Harrobiren berri izan duen jende gehiago datorkigu tabernara.
Realzaleak izango zarete behintzat.
Noski! Betidanik izan gara Realekoak.
Zein sukaldaritza mota eskaintzen duzue?
Astean zehar eguneko menua eskaintzen dugu, 12 euroan. Errazioak, pintxoak eta ogitartekoak ere baditugu. Asteburuan, berriz, plater konbinatuak zerbitzatu ohi ditugu.
Jendeak kalitatezko janariaz gozatzea nahi dugu, momentu atsegin bat pasatzen duten bitartean.
Jendeak zer eskatzen du gehien?
Menua astero aldatzen dugunez, platerak ez dira errepikatzen. Baina pintxoen artean txorizo egosiak arrakasta handia du. Askorentzat pintxo hori gabe ez dago futbolik!
Jokalariek ba al dute pintxoren bat hartzeko baimenik?
Sanseko jokalariak etorri ohi zaizkigu, baina kirol menua eskatzen dute normalean: pasta, barazkiak, fruta… Dieta asko zaintzen dute.
Futbolaz gozatzeko leku paregabea da.
Bai, nesken lehen taldearen entrenamenduak ikusi daitezke terrazatik, eta jubenilenak ere.
Futbolzaleak ez diren bezeroak ere badituzue, ordea.
Bai, Lasarte eta Zubietako jende asko etortzen da, baita inguruko enpresetan lan egiten dutenak ere.
Oso leku lasaia dirudi.
Hala da. Futbolak axola ez badizu ere, oso leku lasaia eta atsegina dela iruditzen zait.
Gainera ongi zainduta eta mendiz inguratuta dago, eta horrek oso itxura polita ematen dio tabernari. Horrez gain, aparkatzeko tokia soberan dago.