"Aurtengoarekin, Jazzaldiaren hamaika kartel egin ditugu"
Jose Luis Lanzagorta: diseinatzailea.
Urteak daramatza diseinu grafikoaren munduan lanean Jose Luis Lanzagortak; jazzalea ere bada eta bere zaletasunak batu ditu ireki duen kartelgintza erakusketan.
Jazz Prints, Begiaundi Press erakusketa zabaldu dute Parte Zaharreko Ekain arte galerian, Jose Luis Lanzagortaren lanekin. Jazz musikari handiei omenaldi bat da erakusketa, kartel berezi batzuen bidez.
Zein da zure lanbidea?
Egunerokoan lan egiten dut Lanzargorta estudio grafikoan, duela hogeita hamar urte ireki genuena. Nire eguneroko lana da bezeroen enkarguak egitea, material grafikoa eta, karteldegia egitea… horretaz gain, duela lau urtetik, Begiaundi Press deitzen diodan lan batekin nabil. Edizio mugatuko kartelak egiten ditut, prentsa tipografikoan inprimatutakoak. Tailer grafiko bat dut, eta ikertzen aritzen naiz denetariko materialekin, egur zaharrak, metalak…
Horretaz guztiaz gain, Jazzaldiaren jarraitzaile sutsua ere bazara, ezta?
Bai, hori da. Aurtengoarekin, Jazzaldiaren hamaika kartel egin ditugu. Asko gustatzen zaigun lan bat da, eta maitasun handiz egiten dugu. Ni, gainera, musikazale sutsua naiz, eta hainbat taldetan jo izan dut, orain amateurrean nabil, eta jazzalea ere banaiz bereziki.
Zer ikus dezakegu Ekaineko erakusketan?
Erakusketak batzen ditu jazz musikarekiko zaletasuna, aurtengo Jazzaldiko kartela egitearen aukera eta Begiaundi proiektuan lantzen ari naizena. Jazzaren hamasei mitori egindako omenaldi bat da, inpresio tipografikoaren bidez. Batzuk sormen askekoak dira, eta beste batzuk, berrinterpretatu egin ditut, Blue Note Records marka legendario baten karteletatik abiatuta.
Erakusketarako sortu dituzu?
Bai, hori da. Hiru multzotan banatu ditut. Batzuk tipografia zaharrak dituzte oinarri, beste batzuk musikarien omenezkoak dira, eta besteak, berinterpretatutakoak. Miles Davis-ena da bereziena, hortik abiatu zelako guztia, eta erakusketa iragartzen du.
Kontzerturen bat ere eskaintzekoak zarete erakusketaren bueltan.
Bai, uztailaren 21ean, larunbata, eguerdian, vermut bat eskainiko dugu. Gainera. Kontzertu txiki bat emango dute Paul San Martinek eta Lutxo Neirak. Pianoa, baxua eta ahotsa izango dira. Hainbat proiektutan jotzen dute eta pentsatzen dut hainbat estilo entzuteko aukera egongo dela:?jazz tradizionala eta modernoagoa, bluesa…
Gainontzean, aurtengo Jazzaldirako zein plan duzu?
Asmoa nuen joateko pare bat kontzertuetara, baina ni jotzekoa naiz ordu horietan. Saiatuko naiz doako kontzerturen batera azaltzen.