(Argazkia: Galder Izagirre)
Bakarkako bidea talde bihurtu zuen Lide Hernandok (Intxaurrondo, 1991). Ordutik bi disko argitaratu ditu Liher rock bandarekin:
Hauts (2015) eta
Tenpluak erre (2018). Aurretik, ordea, bakarkako diskoa atera zuen izen berarekin:
Arrazoi gutxi, denbora asko (2015).
Zerk eraman zintuen bakarlari gisa aritzetik banda izaera hartzera?
Ba lagun baten gomendioak; Unai Pelayorenak, hain zuzen. Ez dok Amaitu egitasmorako jaialdi bat antolatzen zebilen, eta nire proiektua banda formatura eramatea proposatu zidan, eta baita nik egin ere. Inguruko lagun batzuk bildu nituen, eta hala atera zen. Garai hartatik, Joshkak (baxua) eta Etxarrik (gitarra eta koroak) jarraitzen dute.
Izen-abizenak eman dizkiozu Liher taldeari. Baina egun, zure proiektua sentitzen duzu edo musikari multzo batena?
Musikari multzo batena, dudarik gabe. Proiektu hau bakarlari baten proiektua izatetik oso urrun sentitzen dut jada. Sormena, zuzenekoa, promozioa… dena da talde lan bat, baita taldearen izaera ere.
Bi disko aterata, egun arte lortu duzuenaren zein balorazio egiten duzu?
Nik uste dut igoera graduala izan dela. Hasieran apur bat beldurrez hasi nintzen, ez nuen leku askotara deitzen, ez nuelako uste nire proiektuak interesa piztuko zuenik. Taldea bihurtu zenean pixka bat gehiago jotzen hasi ginen, eta apurka kontzertu asko ateratzen hasi ziren. Azken diskoarekin, lau hilabetean ia 40 kontzertu jo ditugu; gehiegi, agian, baina argi geratu da denok taldearekiko dugun konpromisoa asko handitu dela. Publikoarekiko dugun harremana ere handitu egin da, bai kantitatez eta bai kalitatez ere.
Emakumea, musika eta Donostia. Zure ustez hiruen arteko harremanak sorturiko belaunaldi bat bizi du hiriak?
Bai, esan daiteke Donostia eta inguruetan emakume asko hasi garela taularatzen azken urteotan. Nogen, Koban, Liher, Nerabe… neskak partaide dituzten talde asko sortu dira 2015tik aurrera; baina ez naiz soziologoa, ez dakit egoeraren analisi orokor bat egiten.
Beraz, erreparatu diozu inguruari?
Bai, gainera Donostia inguruko emakume musikariok taldetxo bat sortu dugu gure zirrarak eta gertaerak partekatzeko asmoz; horrek panoramaren irudi bat eman digu, eta gure arteko harremana eta feminismoarekiko borrokaren konpromisoa handitu.
Emakume musikariak egon bazaudete. Ordea, eman den goraldia ulertzeko arrazoirik bururatzen zaizu?
Feminismoa gizartearen arlo askotan sartzearen ondorio izan daiteke. Gaur egun, herrietako udalek eta jai batzordeek gero eta emakumezkoen talde gehiago kontratatu ohi dituzte kontzertuak emateko. Bestalde, hedabideek gure herrian eta nazioartean emakumezko artista are eta gehiago daudela erakutsi digute, eta horrek gehienoi konfiantza eman digu pauso bat aurrera emateko, eta gure sormena logelako ezkutalekutik agertokira eramateko.