'Orain Presoak Tour' bizikleta itzulia Donostiatik pasako da
Bihar, uztailaren 21ean, Donostiara iritsiko da Sarek antolatutako Orain Presoak Tour bizikleta itzulia. Baionatik abiatuko da bizikleta martxaren bigarren etapa, eta 15:15ean iritsiko da Herrerara. 17:30ean Zuloagara iritsiko da eta bertan ekitaldia egingo dute. Ondoren kontzertuak egingo dituzte, Andoni Ollokiegi bakarlariaren eta La Jodedera taldearen eskutik. Igandean, uztailaren 22an, 9:00etan abiatuko da itzulia Altsasura.
Inaxio Oiarzabal, Sareko bozeramaileak adierazi duenez, Orain Presoak dinamikaren helburuetako bat astebururo ehunka senide, ehunka kilometro egitera behartzen dituen presoen urruntzeari konponbidea jartzea da, eta hori lortzeko gizarte zibilaren indarra “ezinbestekoa” dela azaldu du. “Gizarte zibilaren inplikaziorako, garrantzitsua iruditu zaigu bizikleta martxa Donostia bezalako hiriburu batetik pasatzea”, azaldu du Oiarzabalek.
Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu du Sarek gaur, uztailaren 20an, Mont d’Marsan espetxetik abiatu den eta Zaballako espetxean amaituko den bizikleta martxa. Egitasmo honen bitartez “une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela” aldarrikatu nahi dute eta baita urrunketa politikak “zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua” nabarmendu ere. “Mont d’Marsan kartzela, presoen egoerarekiko Frantziako gobernuak adierazi duen borondatearen adierazle da, eta horregatik erabaki dugu bizikleta martxa hemen hastea”, adierazi du Oiarzabalek. Zaballako kartzela ere, konponbidearen bidean “etorkizun laburrean” emango diren aldaketen erreferente bihurtzeko nahia adierazi du bozeramaileak eta urriaren 20an Bilbon antolatu duten manifestazioaren aurretik ere, “gizarte zibila aktibatzeko” hainbat jarduera aurreikusita dituztela gaineratu du. Bizikleta itzuliak lau etapa izango ditu: lehenengoan, parte hartzaileak Mont d’Marsan espetxetik abiatu eta Baionara iritsiko dira. Bigarrenean, Baiona eta Donostia elkartzen dituen bidea egingo dute, eta hirugarrenean, Gipuzkoako hiriburutik Altsasura joango dira. Azkenik, uztailaren 23an, Gasteiztik pasa ondoren, Zaballako kartzelan emango diote amaiera itzuliari.