Hainbat herritar joan dira udal batzarren aretora, udal gobernuari eskaera egitera. (Argazkia: Beñat Parra)
EAJ eta PSE-EEren gobernuak azken unean aurkezturiko espedientea aho batez onartu dute .Garbera handitzeko proiektua eta Illunbeko plan berezia aurrera atera dira.
Herritarrek ere parte hartu nahi izan dute uztaileko udalbatzarrean. Merkataritza gune handien proiektuak gelditzeko eskatu diote batzuek Donostiako Udalari. Ildo beretik, ingurumena errespetatzeko eskatu dute beste hainbatek. Horrez gain, hirira datozen etorkin eta errefuxiatuentzako harrera baliabideak jartzeko eskatu dio udalari, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, beste hainbat eragilerekin batera.
Aldarrikapenen artean, gai ugari jorratu dituzte udal batzar aretoan. Hirigintza alorreko hiru gai mardulek hartu dute goiza, eta hiruek duten garrantzia eskaini diete udal talde guztiek. Esaterako, aho batez adostu dute Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren (OEBPB) moldaketa. Horrela, 47 eraikin berrik babesa izango dute, aurrez katalogatuta dauden 1.000tik gorako eraikinekin batera.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak OEBPB delakoaren moldaketa espedientea «bikaina» dela azpimarratu du, udal teknikarien «lan paregabearekin» batera. Eneko Goiak alkateak, berriz, hiriak ondarearekiko duen sentikortasuna nabarmendu, eta udal talde guztien adostasuna garrantzitsua dela adierazi du. «Denok konpartitzen dugun helburu bat onartuko dugu, eta hori berri ona da».
EH Bilduk, Irabazi Donostiak eta PPk alde bozkatu arren, «belarrietatik tira» egin diote udal gobernuari: «Onartu behar duzue planaren moldaketa prozesua ez dela egokia izan», esan du Ricardo Burutaran zinegotziak. Ildo beretik hitz egin du Miren Albisturrek: «Egin duzuen kudeaketa txarra izan da, eta aurrera aterako dugun arren autokritika egin beharko zenukete». Biek gogoratu dute plan moldaketa ezin izan dela orain arte onartu ingurumen txostenik ez zuelako.
Kritikak onartzeaz harago, Ernesto Gasco sozialistak udal gobernuaren kudeaketa ona azpimarratu du: «Aurreko planak ez zuen ingurumen txostenik, eta, berriak badu, guri eskerrak».
Harrera hiria
Donostiako 25 bat eragile sozial eta alderdik manifestu bat erregistratu zuten pasa den hilaren 13an, Gipuzkoara iristen diren edo bertatik pasatzen diren migratzaileei harrera integrala egiteko protokolo baten garapena eskatzeko. EH Bildu eta Irabazi taldeek udalbatzarrera eraman dute eskaera, eta mozioa onartu dute udal gobernuaren zuzenketekin.
Ordea, migratzaileak hartzeko baliabide gehiago jartzeko beharrik ez dagoela esan dute EAJk eta PSE-EEk. Zorroagako 25 oheko egoitza batera bideratuko dituzte.
Merkataritza gune handien aurkako protesta egin dute
Garbera handitzeko eta Illunbeko merkataritza gunea birmoldatzeko planak onartu ditu udalbatzak, Irabazi Donostia eta EH Bilduren udal taldeen kontrako botoekin. Udal batzarrean protesta egin dute proiektu horien aurka dauden Gipuzkoako hainbat merkataritza elkarte eta eragilek.
Bittor Lizarribar Euskal Dendak EAEko merkatarien elkarteko presidenteak adierazi du onartu diren merkataritza proiektuak «oso negatiboak» direla merkatari txikientzat. Ernesto Gasco sozialistak, ordea, esan du merkatari txikiak urtean milioi bat euro ingururekin laguntzen dituela udalak. Lizarribar ez dago ados laguntza mota horrekin: «Merkatari txikiak benetan lagundu nahi badituzte, limosnak ematen baino gehiago laguntzen dute merkataritza guneak ez handitzen eta legerik aldatu gabe».
Bestalde, proiektu horien aurka dauden eragileak gero eta gehiago direla azpimarratu du Euskal Dendak elkarteko presidenteak: «Asko gaude aurka: bizilagunak, sindikatuak, talde ekologistak, eta noski, merkatariak».