Uliako hotelaren proiektua zentzugabetzat jo dute auzotarrek
San Ignacio klinikaren Ulia pasealekuko lursail batean 200 oheko hotel bat eraikitzeko proiektuak haserre handia eragin du auzotarren artean.
Uliako bizilagunak haserre daude Donostiako Udalarekin. Duela zenbait egun hedabideen bitartez jakin zuten Ulia pasealekuko San Ignacio klinikaren lursailean 200 oheko hotel berri bat eraiki nahi dutela, eta proiektuaren aurka agertzeaz gain, udalak erabateko gardentasun faltarekin jokatu duela salatu dute auzotarrek.
Izan ere, eraiki nahi duten hotelaren kokapena eremu asea zen 2010ean udalak lursailari eraikigarritasuna eman zion arte. Erabaki hori ezkutuan hartu zela adierazi dute bizilagunek, bere garaian inork ez zielako horren berri eman, eta izendapena hotelaren proiektuarekin batera ezagutu dutelako.
1978an, San Ignacio klinikak bere lurrazalean Hermano Garate izeneko eraikina egin zuenean, ondoko lursail bat erostera egon zen behartua, araudiaren arabera, eraikin berriak aurreikusten zituen metro karratuak eraikitzeko eremu zabalago bat behar zuelako. Erositako lursail horrek (orain egin nahi duten hotelarenak, alegia) ez zuen eraikigarritasunik jaso, legeak hutsik mantendu behar zela esaten zuelako.
Gainera, klinikak bere lursail eraikigarrietan soilik gazteentzako eta zaharrentzako etxebizitzak eraikitzeko baimena zuela gogoratu dute auzotarrek: «Ez dugu ulertzen zein irizpiderekin eman zitzaien bertan eraikitzeko baimena, eta are gutxiago helburua bertan hotel bat eraikitzea bada», bizilagun baten hitzetan.
Hotelaren proiektu berriak aurreikusten dituen dimentsioak «izugarriak» direla adierazi dute ere auzotarrek. Hotelaren planoak ikusteko aukera izan dute, eta harrituta geratu ziren honek pasealekuko errepidetik hamaika metro gora egingo dituela ikusi zutenean. «Ondoko eraikinak errepidetik askoz beherago daude kokatuta. Hotel horrek inguruaren itxura erabat aldatuko luke» auzotarren arabera.
Horrez gain, hotelak auzoaren trafiko eta aparkaleku arazoak areagotuko lituzkeela nabarmendu dute bizilagunek. Izan ere, ez dakite nola egokituko diren kotxe, autobus eta hornitzaileen kamioien joan etorriak Ulia pasealekuko errepidera: «Hemendik autobus bat igotzen den aldiro kotxeak albo batera jarri behar dira, eta buelta emateko hiru kilometro gorago joan behar izaten dira, hurrengo biribilgunera arte».
Hala ere, bizilagunen ustez, hotelak eragin lezakeen kalterik larriena auzoaren izaeran emango litzateke. Bizitegi-auzo txikia izanda, tamaina horretako hotel batek auzoan eta auzotarren bizitzan «eragin zuzena» izango lukeela adierazi dute. Horregatik, udalak auzoaren beste beharren aurretik hotelaren proiektuari lehentasuna eman izana «guztiz zentzugabea» dela uste dute: «Ulian sekulako azpiegitura falta dugu. Ez dugu parkerik, ez aparkalekurik. Hotelik, ordea, ez da falta, lursailetik 200 metrora beste bat dagoelako, eta inguruan gehiago daudelako».
Gauzak horrela, bizilagunek antolatzea erabaki dute, eta aurreko astean udalean alegazio desberdinak aurkeztu zizkioten proiektuari. Auzoko balkoietan hotelaren eraikuntzaren aurkako pankartak zintzilikatu dituzte ere, eta bilera irekiak antolatzeari ekin diote, proiektua eteteko helburuarekin datozen egunetan mobilizazioak egiteko asmoz: «Ulian gertatzen ari dena zabaldu nahi dugu, proiektu honek hiri osoari eragiten diola uste dugulako».
IRUTXULOKO HITZAk erreportaje honetan bere ikuspuntua eskaintzeko aukera eman dio Enrique Ramos hirigintza zinegotziari, baina ez du erantzunik jaso.