Egiako parkeko hamakak erretiratu dituzte konponketak egiteko
Cristina Enea fundazioak Egiako parkeko Hamakenean dauden hamakak kendu zituen ostegunean, hauen erabileraren ondorioz eragindako kalteak konpontzeko helburuarekin. Fundazioak jakinarazi duenaren arabera, hamaken lotura sistema sendoago eta iraunkorrago bat jartzeko kendu dituzte hamakak, baina hauek desagertu zirenetik, hainbat herritar hurbildu omen dira fundaziora erretiroaren zergatiarengatik galdezka.
Izan ere, Cristina Enea fundazioak eta Olatz Zubiak elkarlanean sorturiko Hamakenea proiektuak arrakasta handia izan du herritarren artean. Hamaka eta aulki zintzilikarien aldi baterako instalazio honek parkea beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera ematea du helburu, eta hilabeteko ibilbidean ugariak dira bertatik zintzilik parkeaz gozatu duten pertsonak. Hamakak ahal bezain pronto berripintzeko lanean ari direla adierazi dute fundaziotik.