Miramar jauregia bisitagarria da
Hilaren 22tik irailaren 16ra egongo da irekita Miramar jauregia, eta 30 minutuko bisita gidatuak egin ahal izango dituzte jauregia barrutik ezagutu nahi dutenek. Gainera, jauregiaren 125. urteurrena dela aprobetxatuz, jauregiaren inguruko erakusketa egingo dute lorategietan, horretarako bost informazio panel jarriz. Bestalde, lehen aldiz, jauregiko solairu nobleko zazpi guneak bisitatu ahal izango dira; gelaurrea, bulegoa, hall-a, musika aretoa, bilarra, kapera liburutegia eta jangela, hain zuzen.
Ernesto Gasco turismo zinegotziaren arabera, helburua jauregia bisitagarri egitea da, “herritarrek berriro ezagutu dezaten”. Udalak azaldu duenez, donostiarrentzat zein turistentzat irekiko dute jauregia, horrela turismoaren deskontzentrazio-estrategia sendotuko baita. Izan ere, udalaren arabera, Miramar jauregiaren bisitagarritasuna sustatuz, turisten mugimendua Antigua eta Ondarreta inguruetara bideratuko da, horrela bertako saltokiak eta ostalaritza indartuz.
Aipatu bisita gidatuak lau hizkuntzatan egingo dituzte; euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, hain zuzen. Hiru euroko balioa izango dute bisitek eta txartelak internet bidez edota Donostia Turismoa & Convention Bureau-ren informazio guneetan erosi ahal izango dira.
Errege jauregia
Errege familiaren jabetza izan zen ia ehun urtez Miramar jauregia. Izan ere, 1887. urtean, Maria Kristina erreginaordeak gaur egun jauregia kokatzen den tontorrean Donostiako udako jauregia eraikitzeko erabakia hartu zuen. Beraz, XI. mendetik bertan zegoen Sebastian santu erromatarrari eskainitako eliza –Donostiari bere gaztelaniazko izena eman ziona– erosi zuen erreginaordeak. 1889an hasi zituzten jauregia eraikitzeko lanak, Londresko Selden Wornum arkitektoaren planoarekin. Lan horiek Jose Goicoa udaleko arkitektoak zuzendu zituen eta Ingalaterrako cottage estiloarekin eraiki zuten jauregia. Bestalde, lorategiak Pierre Ducasse lorezain paisajistak egin zituen.
Jauregia eraiki zenetik, erreginaordeak 40 urtez igaro zituen udak Donostian. Historiak dioenez, Donostiarekin lotutako kontu guztiak defendatu zituen Madrilen eta gertutasun handia zuen donostiarrekin. Horren harira, Donostiako ohorezko alkate izendatua izan zen 1926an.
1950. eta 1954. urteen artean, egungo Espainiako errege emerituarentzat, Borboiko Juan Carlos I.arentzat eta bere anaia Alfonsorentzat, beste hamalau ikaskederekin batera, ikastetxe eta barnetegi izan zen jauregia. Baina, 1972an, Donostiako Udalak Borboiko Juani erosi zion lursaila 102,5 pezetaren truke. Ondoren, 1974an, izaera nazionaleko monumentu historiko-artistikoa izendatua izan zen Miramar Jauregia.