Osakidetzak bi urte izango ditu Aieteko osasun etxea egiteko
Osakidetzari baimena eman dio Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak Aieteko osasun zentroa eraikitzeko. Horretarako, bi urte izango ditu. Pio Baroja eta Aiete pasealekuen artean dagoen lur sailean eraikiko dute.
Osasun etxe berriak askotariko zerbitzuak eskainiko ditu: mendikuntzako zazpi kontsulta, pediatriako bi kontsulta, eta erizaintzako zortzi kontsulta. Horrekin batera, sendaketa, odola ateratzeko eta froga osagarriak egiteko gelak izango ditu. Emakumeari arreta egiteko gunea ere izango du. Azken horrek, kontsulta, esplorazio aretoa eta taldeko ekintzak egiteko gela bat izango ditu.
“Apirilean onarturiko Plan Bereziaren aldaketan, Osakidetzak eskatutako hainbat aldaketa egin ziren proiektuan. Horrela, Aieteko osasun etxeak osasun mentalerako bi unitate izango ditu: bat arazo psikiatriko eta hainbat desgaitasun dituzten haurrentzako Arreta Goiztiarra egiteko, eta bestea errehabilitazioa egiteko”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi euroko inbertsioa egingo du Aieteko osasun zentroan.