Zabalik dago Trinitate Plazako emakumeen paleta txapelketarako izen ematea
Abuztuaren 1etik 15era egingo dute Trinitate Plazako emakumeen lehen paleta txapelketa eta izen ematea zabalik dago jada. Alde Zaharra Kirol Elkarteak antolatu du lehiaketa, “emakumeen pala sustatzeko helburuarekin”. Antolatzaileek ahalik eta parte hartzaile gehien bildu nahi dituzte, “emakumeak palara erakartzeko eta kirol horretan jarraipena izan dezaten”. Xabier Elejalde, txapelketako arduradunak azaldu duenez, orain arte txapelketa mistoa egin izan da, baina aurten izango da emakumeena egiten den lehenengo urtea.
Txapelketa, teniseko pilotarekin jokatuko da, antolatzaileen arabera, bikote gehiago animatzeko aukera zabaltzen duelako. Partidak arratsaldez izango dira eta 16:00etan hasiko dira. Bikote bakoitzak 20€ ordaindu beharko ditu parte hartzeagatik, eta izen-ematea honako telefono zenbakian egin daiteke: 679 82 60 40.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena ematen duen bikote bakoitzari jakinaraziko zaio zein egun eta ordutan jokatuko duen partida bakoitza eta eguraldia jokatzeko egokia ez bada, partidak atzeratu egingo dira. Finala abuztuaren 15ean jokatuko da, baina Elejaldek azaldu duenez, oraindik zehazteko dago goizez edo arratsaldez izango den.