Zerga arauak %1 igotzeko proposamena aurkeztu du udal gobernuak
2019rako zerga arauen proposamena onartu du Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak. Hain zuzen ere, zerga arauak batez beste %1 handitzeko proposamena egin dute, presio fiskalari eustearekin batera. Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotziak aurkeztu dute udal gobernuaren proposamena.
Udalaren zerga aldaketak KPIaren, BPGaren eta hainbat zerbitzuk duten defizitaren ondorioz egiten direla azaldu du Goiak. Horrela, 23 arauetatik 6 aldatzeko asmoa dute. Horretarako, hainbat tasa igotzea proposatu du udal gobernuak. Esaterako, zaborren gaineko tasa %3 handitzea. “Zaborren inguruko defizita %20 baino handiagoa da, eta horretarako da igoera”, azaldu du Macayak. Dena dela, zabor organikoa birziklatzeko ezarritako gutxienekoak betetzeagatik %3 igoko dute hobaria; %20tik 23%ra.
Ur Horniduraren eta Saneamenduaren gaineko tasa ere %3 igotzea proposatu du udal gobernuak. %2 etxeko ur erabilerarena, eta %4,5 industriala. Jasotako dirua zerbitzu honek ere duen defizitari aurre egiteko erabiliko da. Era berean, etxeko zenbagailu zaharra adimentsuengatik aldatzeko erabiliko dute jasotako dirua.
Jabego Publikoaren Okupazioaren gaineko tasa, berriz, Parte Zaharreko eta Konstituzio plazako terrazei bakarrik igoko diete. “Handitzeak bost udal taldeek adosturiko plangintza jarraitu du”. Hiriko gainerako terrazei ez diete tasa handituko.
Udal zergei dagokienez, IBIa %1 handituko da, Gipuzkoako Foru Aldundiak katastroa ez berritzeagatik galdutako ehuneko puntu erdia berdintzeko. Horrela, etxebizitza bakoitzak batez beste lau euro gehiago ordainduko ditu. Bestalde, enpresa handiei eragiten dien zerga %2 igoko da, eta gainerako udal zergak bere horretan mantenduko dira.
Zerga arauen prozesua
Proposamena onartuta, udal gobernuak gainerako udal taldeei aurkeztuko die, eta 10 eguneko tartea izango dute zuzenketak aurkezteko. Irailaren lehenengo astean jardunaldi irekia egingo da hiritarrei proiektua azaltzeko. Ondoren, irailaren 11n egingo den Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak zein arau proposamenak. Azkenik, iraileko udalbatzarrean proiektuari hasierako onarpena emango diote. Beharko balitz behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.