"Kostata bada ere, iritsi gara hona, eta mantentzea espero dugu"
Donostiarrako patroia eta arraunlaria dira Arkaitz Diaz eta Imanol Iradi. TKE ligan lehen esperientzia bizitzen ari dira, eta oso pozik daude orain arte egindakoarekin. Urteetako lana izanda goi mailara iristea, eta klubaren historia zati hau bizitzea sekulakoa dela diote. “Lorpena ez da azken bi urteetako ondorioa. Donostiarrak aspalditik zuen helburu TKEra igotzea, eta azkenean iritsi da. Oso pozik gaude Donostiarraren historia zati honen parte izateaz”, dio Iradik. Atzera begiratu du Diazek, baita aurrera ere: “Proiektua hasi zenean, duela hamar urte, batez ere gogoratzen naiz ez genuela ez lokalik, ez dutxarik… kotxean aldatu, trainerua uretara bota, bueltan jaso, eta itzuli egiten ginen. Ordutik pixkanaka aurrerapausoak eman dira, lokala, materiala… Kostata bada ere, iritsi gara hona, eta mantentzea espero dugu”.
Elkarrizketa zabala izan dugu bi lagunekin eta ostiraleko astekarian argitaratuko dugu. Donostiako gainontzeko traineruetako ordezkariekin ere hitz egin dugu: Xubane Uribarrena (Arraun Lagunak), Aitzor Rojas (Donostiarraren bigarren ontzia), eta Maialen Alkorta (Donostiarra).