Donostiarren partaidetza izango du Elkanoren pelikulako soinu bandak
Joseba Beristain azkoitiarra arduratuko da Elkano, lehen mundu bira animazio filmeko soinu banda sortzeaz; eta parte hartuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak. Irailean grabatuko dute Beristainek sortutako musika, Fernando Velazquez musikari getxoztarraren zuzendaritzapean.
Bestalde, La Oreja de Van Gogh talde donostiarrak osatuko du filmaren kantu nagusia. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestuko du kantua Leire Martinez taldeko abeslariak.
Angel Alonso da filmeko zuzendaria, eta Dibulitoon Studio ari den ekoizpen lanetan. Haurrei zuzendutako lana izango da, sortze lanetan ari dira, eta espero dute datorren urtean estreinatzea. Hain zuzen, espedizioa abiatu zeneko 500. urteurrena beteko da 2019an. Izan ere, Fernando de Magallanesek 1519an hasi zuen espedizioa, hainbat marinelekin, eta Juan Sebastian Elkano Getariako marinelaren aginduetara bukatu zuten, 1522an.