Feministei isuna jarri die udalak, maiatzeko protesta batengatik
Donostiako Udalak 200 euroko isuna jarri die feministei (100 eurokoa, azkar ordaintzen badute) hilketa matxistak salatzeko egin zuten protestarengatik. “Hiri osoak jakin dezala udalak mugimendu feminista kriminalizatzen duela, jaietan eraso sexisten aurkako zapiak ateratzen dituen arren. Itxurakeria, hipokresia eta baldarkeri galanta udalarena”, diote feministek.
Maiatzaren 9an egin zuten protesta, Matxismoak hiltzen gaitu lelopean, Bulebarrean: “Roxana, Maria Jose, Florentina eta Rejene matxismoak erailak! Haien bizitzak omendu ditugu, eta udaltzainak bidali ditu Donostiako Udalak, kontzentrazioan parte hartzen ari zen kide bat identifikatuz”, salatu zuten ordukoan.
Isuna jaso izana salatzeko, protestak egingo dituztela iragarri du mugimendu feministak: “Kalea gurea da! Feministok elkarrekin erantzuten dugu. ADI DEIALDIETARA!”.